Anjel Bazterretxearen omenez egindako 'Herrigintzan hauspo eta akuilu' ikus-entzunezkoa ikusgai jarri du Mendaroko Udalak

Barren.eus 2023ko abu. 30a, 12:08

Ekainaren 7an aurkeztu zuten Mendaron 'Anjel Bazterretxea, herrigintzan hauspo eta akuilu' ikus-entzunezkoa, 54 urtez Mendaroko abade izan zenaren omenez sortutakoa, eta orain, sarean ere badago ikusgai. Azaleko argazkian, ezkerretik hasita hirugarrena da bera, eta Saturraranen egindakoa da argazkia.

1962ko urrian iritsi zen Mendarora Anjel Bazterretxea, 26 urterekin (Mutriku, 1936 - Mendaro, 2019). Saturrarango abade-etxea laga eta Garagartzako mojen komentuan kapilau hasi zen orduan. Elizako ardurez gain, baina, beste ardura asko ere hartu zituen Mendaron, eta bereziki herrigintzan eta kulturgintzan egindako lanagatik zuten mendaroarrek estimutan. Eta haren omenez, eta Mendaro herriaren alde egin zuen lana aitortzeko, bi hankako proiektua sortu zuen Elgoibarko Izarrak, Mendaroko Udalaren babesarekin: batetik, argazki erakusketa osatu zuten haren artxiboko zenbait argazkirekin, eta bestetik, eta artxibo-grafiko hori oinarri hartuta, Bazterretxeari buruzko ikus-entzunezkoa sortu zuten, 'Anjel Bazterretxea, herrigintzan akuilu eta hauspo' izenburukoa. Ekainaren 7an aurkeztu zuten ikus-entzunezkoa San Agustin kulturgunean, eta gerora beste bi emanaldi ere egin dituzte herrian, herritarren eskaria aintzat hartuta.

  • Orain, sarean ikusgai jarri du bideoa Mendaroko Udalak HEMEN.


Hona, bestalde, proiektuaren sustatzaileek BARRENi ekainean emanda zioten ELKARRIZKETA