Mintxetako igerilekuen uda denboraldia astebetez luzatuko dute, hilaren 17ra arte

Barren.eus 2023ko ira. 5a, 09:56

Irailaren 10ean itxi behar zituzten Mintxetako aire libreko igerilekuak, baina Elgoibarko Udalak uda denboraldia astebetez luzatzea erabaki du, herritarrek aisialdirako gune hau asko erabiltzen dutelako eta herritar guztiei udako azken egunak ahalik eta gehien aprobetxatzeko aukera emateko. 

Ekainaren 3an zabaldu zituzten Mintxetako igerilekuak, eta hasiera batean irailaren 10ean itxiko zirela iragarri bazuten ere, Elgoibarko Udalak Mintxetako uda denboraldia astebetez luzatzea erabaki du, irailaren 17ra arte. Udaletik jakinarazi dutenez, Mintxetako espazioa jende askok erabiltzen du eta herritar guztiei udako azken egunak ahalik eta gehien aprobetxatzeko aukera eman nahi diete. Aurten, beraz, uda denboraldiak bi aste gehiago izan ditu Elgoibarren, irekiera astebez aurreratu zutelako eta itxiera astebetez atzeratu. Denboraldirako bonua dutenek instalazio guztiak erabili ahal izango dituzte epe horretan.