Munduko sukaldaririk onenetarikoa den Rene Redzepik ere jan du Mendaroko Landa jatetxean

Barren.eus 2023ko ira. 7a, 10:06

Alor askotariko bezero ezagun ugari pasa dira Mendaroko Landa jatetxetik. Oraingoan lankide baten bisita jaso dute Juan Mari eta Asier Landa anaiek, aditu askorentzat munduko sukaldari onena den Rene Redzepirena. Kopenhageko Noma jatetxeko sukaldaria da Redzepi.

Landatik jakinarazi dutenez, Donejakue bidea egiten dihardu Rene Redzepik (Kopenhage, 1977), eta bazkaltzeko geldialdia egin zuen Mendaron, martitzenean. Landatarrek azaldu dutenez, "oso gustura" joan zen daniarra. Redzepik ondo ezagutzen du euskal sukaldaritza, esana baitu 19 urte zituenean dirua aurreztu eta Donostiara etorri zela, Arzak jatetxean jatera, eta Arzakenean jaten ari zela erabaki zuela sukaldari izatea. Gaztetan Ferran Adria sukaldariaren "El Bulli" jaetxe ezagunean lanean aritu ostean, euskal sukaldaritza berria hartu zuen eredutzat jaioterrira itzuli eta Eskandinaviako herrialdeetako sukaldaritza berriaren bultzatzailetako bat izateko.

Danimarkako hiriburuan dagoen Noma jatetxeak Michellinek banatzen dituen hiru izar ditu, eta Restaurant aldizkari britainiarrak bost alditan izendatu du munduko onena (2010, 2011, 2012, 2014 eta 2021), beste hainbat sariren artean.
Duela gutxi albiste izan da Redzepi, 2024. urte amaieran Noma ixteko erabakia jakinarazi duelako. Gaur egun indarrean dagoen goi mailako sukaldaritza eredua "sostengaezina" dela esan du. "Eredua ez dabil, ez finantzei erreparatuta ez eta emozioei dagokienean ere", arrazoitu du bere erabakia New York Timesi emandako elkarrizketa batean.