Egoera zaurgarrian dauden gazteei lan-munduan sartzen laguntzeko bi proiektuetako izen-ematea zabalik

Barren.eus 2023ko ira. 12a, 10:35

Gazteak gizarteratze eta laneratzeko helburua duten Debabarrena Berritzen II eta Ekialdea Berritzen programetan izena emateko epea zabaldu dute.

Proiektuen helburua da egoera zaurgarrian dauden gazteak lan-munduan sartzen laguntzea prestakuntza, orientazio eta kontratazio prozesuen bidez. Lehenengoa Soraluze eta Elgoibarren egingo da eta bigarrena, berriz, Eibarren. Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, eskualdeko udalen, Debegesaren eta Debabarreneko Gizarteratze eta Laneratze Sarearen arteko lankidetzari esker sortu da proiektua.

Programa hauen helburua da gizarteratzeko eta laneratzeko enplegu-, orientazio- eta laguntza-ibilbideak sortzea enplegu aukerak zabaltzeko formakuntza bat jaso ondoren. Interesa duten gazteek izena eman beharko dute irailaren 15a baino lehen Lanbiden (hemen eta hemen).

 • Bisa fase: formakuntza eta lana
Programek bi fase dituzte. Lehenengoan, prestakuntza teknikoa egingo dute, eta eraikuntzako estaldura arin eta teknikoen oinarrizko eragiketen profesionaltasun-ziurtagiria lortuko dute. Gainera, beka ekonomiko bat edukiko dute ikasleek. Bigarren fasean, bestalde, parte-hartzaileei 10 hilabeteko iraupena izango duen aldizkatze kontratu bat egingo zaie berritze- eta gaitze-lan errealak egiteko: eraikinak birgaitzeko benetako lanak, hiri-birsorkuntzako obrak; gizarteratze eta garapen komunitarioko proiektuei lotutako gune edo zerbitzu soziokomunitarioak hobetzea; jasangarritasun eta/edo eraginkortasun energetikoko proiektuetan laguntzea hiria birgaitzeko. Lan horietan, ikasi dituzten teknikak aplikatuko dituzte: igeltserotza, pladurra jartzea, barnealdetik eta kanpotik isolamenduak jartzea, pintura, sabai faltsuak jartzea, lurzoruak jartzea, iturgintza, zurgintza eta elektrizitatea.

Debabarrena Berritzen II proiektuaren kasuan, programaren aurreko edizioan hasitako lanekin jarraitzea aurreikusten dute sustatzaileek, Olaldean (Soraluze) dauden udal lokaletan eta Ezozibideko hiri-birgaitzerako proiektuei lotutako beste espazio batzuetan, baita Olasogain-Sigma (Elgoibar) auzoko udal eremu komunitarioan ere. Eibar Ekialdea Berritzen proiektuaren kasuan, Ondamendi prestakuntza espazioaren eta Barrena eremuko beste gune batzuen zaharberritzea aurreikusita dute.

Lan horien helburua espazio publikoak prestatzea da, komunitate-, prestakuntza- eta kultura-erabileretarako erabiltzeko. Programaren fase horiek Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak finantzatzen ditu, Enplegu eta Gizarteratze Sailburuordetzaren bidez, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin batera; izan ere, programak Soraluzen, Elgoibarren eta Eibarren dituzten hiri-birsorkuntzako proiektuekin lotuta daude.

Bi programetan, prozesu osoan zehar, Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratze Sailburuordetzak finantzatutako orientazio- eta laguntza-programaz arduratuko den teknikari bat egongo da, lan-merkatuan sartzeko ibilbidea errazteko.

 • Programa bakoitzak bere berezitasunak ditu
Debabarrena Berritzen II programa urriaren 8an hasiko da eta langabezian dauden 16 eta 30 urte bitarteko 12 gaztek hartuko dute parte. Eibar Ekialdea Berritzen programa urriaren 16an hasiko da eta 10 gaztek hartuko dute parte.

Gainera, Debabarrena Berritzen II proiektuak aurretiazko fase bat du partehartzaileak prestakuntza eta lan eremuetara egokitzeko trebetasunak, ohiturak eta gaitasunak eskuratzeko eta Soraluzen egingo dute, udalak utzitako lokaletan. Fase honetan tutoretza eta laguntza iraunkorra edukiko dute gazteek, izan ere, hezitzaile espezializatua egongo da beraiekin lanean, bai ikasgelan bai prestakuntza praktikoko gunean. Programaren zati hau Gipuzkoako Foru Aldundiko elkar-EKIN Lanean programaren bidez dago finantzatua eta egoera zaurgarrian, edo egoteko arriskuan dauden pertsona eta kolektiboen laneratzea bultzatzea du helburu estrategiak.