Joan den irailaren 8an, 6,8 graduko lurrikarak Marrakexko (Maroko) hego mendebaldeko eremua gogor astindu zuen; Ighil udalerrian izan zen epizentroa, Atlas Garaian. Gutxienez 2.950 hildako eta 5.600 zauritu zenbatu dituzte dagoeneko, Marokoko gobernuak azken orduetan emandako datuen arabera. Lurrikararen ondorioz, etxerik gabe eta “egoera tamalgarrian” gelditu dira ehunka marokoar. Hori dela-eta, lurrikaran kaltetutakoei laguntzeko kanpainak hasi dituzte han-hemengo mezkitetan, baita Elgoibarko Tawasolen ere.
Elkartasun kanpaina antolatzeko denbora gutxi izan dutela aitortu du Driss Boutaharrek, Tawasol elkarteko presidenteak. "Kaltetutakoei laguntzeko urgentziazko bilketa antolatu genuen, baina ez genekien ziur, herritarrei kanpainaren berri iritsi zitzaienik ere, herrian kartelak ipini genituen arren". Elgoibarko Izarrari eskatu zioten kartelok euskaratzea. Asteburuan aritu dira oinarrizko beharrak asetzeko materiala batzen: Mantak, izarak, eskuohialak, burkoak, linternak, kanpin-dendak, berotzeko arropa, sendagaiak, pixoihalak, konpresak, biberoiak, haurrentzako hauts-esnea, gelak, zabor poltsak eta abar. Eta, ordu gutxitan furgoneta luze bat betetzeko adina material batu dute. Nahikoa lan izan dute batutakoa furgonetan sartzeko, eta tetris bat moduan antolatu behar izan dute. Elgoibarren batutakoa lurrikarak gehien kaltetu duen Marokoko zonaldera, Atlas Garaian dauden herrietara, bideratuko dute zuzenean, eta dagoeneko bidean da laguntza, Tawasoleko kide den garraiolari batek eramango baitu hara.
Herritarrek "eskuzabaltasun handia" erakutsi dutela dio Boutaharrek, eta eskerrak eman dizkie elgoibartarrei. Deba eta Soraluzeko mezkitek ere egin dituzte materiala jasotzeko kanpainak eta haiek ere arrakastatsuak izan dira.