Marokoko lurrikaran kaltetutakoei laguntzeko kanpaina hasi dute Elgoibarren

Barren.eus 2023ko ira. 15a, 13:01

Joan zen ostiralean Marrakex hego-mendebaldea astindu zuen 6,9 graduko lurrikaran kaltetutakoei laguntzeko kanpainak hasi dituzte han-hemengo mezkitetan, baita Elgoibarko Tawasolen ere. Era berean, Txitxibilaldi mendizale taldekoek ere hasi dute diru bilketa kanpaina.

 Elgoibarko Tawasol Elkartekoak gaur, bihar eta etzi egongo dira Kalebarren plazan, materiala jasotzen. Mantak, izarak, eskuohialak, burkoak, linternak, kanpin-dendak, berotzeko arropa (helduena zein umeen), sendagaiak, pixoihalak, konpresak, biberoiak, haurrentzako hauts-esnea, gelak, zabor poltsak...  Premia handia da, eta esandakoak eta gehiago ere behar dituztela zabaldu dute Tawasol mezkitakoek. Hiru bilketa egun zehaztu dituzte momentuan, gaur, bihar eta etzi. Kalebarrenen egongo dira materiala jasotzen, gaur, ostirala, 18:00etatik 20:00etara, eta bihar eta etzi, 11:00etatik 13:00etara.

Bestetik, Txitxibilaldi mendizale taldekoek ere hasi dute diru bilketa kanpaina, Toubkal mendira egindako espedizioa gogoan hartuta. "Dena galdu dute, eta negua gainean da", zabaldu dute sare sozialen bidez. Toubkal mendira egindako espedizioan gidari izan zutenari bidaliko diote dirua. Imililh herrikoa zuten gidaria eta bere etxean hartu zituen orduan. Txitxibilaldikoek nabarmendu dute ekarpen guztiak izango direla ongietorriak, izan handi nahiz txiki, eta bizum bidez egin beharko dela diru-ekarpena, honako telefono zenbakian: 695 788 492

2023 09 15 marokora laguntza tawasol elgoibar kartela

2023 09 15 atlas laguntza Elgoibar