Elgoibarko Udaletik jakinarazi dutenez, bi hilabete eta erdian aritu dira ufaletan kaltetutako petrila berritzen, hiru epetan, horietako bakoitza kaltetutako egitura berrezartzeko eta indartzeko helburuarekin. Laugarren fase bat egiteke laga dute, oraingoz, eta aurrerago ekitea aurreikusten dute, "eremua hobetzen jarraitzeko".
Petril berria hormigoizkoa da eta 1,10 metroko altuera du. Petrila berreraikitzeaz gain, beste hobekuntza batzuk ere egin dituzte inguruan: hustubideak berritu, 68 metro linealeko badena jarri, eta bide publikoa asfaltatu dute, 760 metro koadroko eremuan.
Era berean, 19 aparkaleku margotu dituzte, mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako bat barne. "Horrek inguruko irisgarritasuna hobetuko du eta egoiliar eta bisitari guztiei aparkatzea erraztuko die".
• Zuhaitza landatu
Urte amaieran zazpi zuhaitz autoktono landatzeko asmoa dutela aurreratu dute Udaletik. Zazpi txorko landatuko dituzte, auzoko landaredia eta "estetika" hobetzen laguntzeko.
Obra honetan inbertitutako aurrekontua 121.794 eurokoa izan da (BEZa gabe).
Udalak eskerrak eman dizkie Altzolako bizilagunei, obra hau egin bitartean izan duten pazientzia eta ulermenagatik, "funtsezkoa izan baita inguruko azpiegitura lehengoratzeko eta hobetzeko".