Euskal Herriko taldeak eta kanpotik etorritakoak daude gonbidatuen artean, sona hartzen hasiak diren talde gazteak eta musikaren eszenan itzal bat badutenak.
Atzo hasi zen Sotoko Hotsak, Harat taldearen kontzertuarekin, eta gaurko beste kontzertu bat iragarria dute Sinuöse kultur elkarteko lagunek. Ez dute edonolako taldea lotu gaurko ere: Cometa. Talde gaztea dira, indar eta proiekzio handikoa eta aurkezpen estetiko zaindukoa. Madrildik datoz eta dantzan jarri nahi dituzte Kultur Etxeko sotora batzen direnak. 23:00etan hasiko da kontzertua, Kultur Etxeko Sotoan.
Bihar, berriz, Mendaron izango da jaia, Garagartza auzoan. Bost talderen emanaz gozatzeko aukera izango da bertan, debalde. Sortzetik bertatik mantendu duen ezaugarriari eutsiko dio aurten ere Gararockek, familia osoak batzeko eskaintza prestatu dutelako antolatzaileek. 17:00etatik 18:00etara aurpegiak margotzeko tailerra izango dute haurrek, eta 17:30ean hasiko du musika jaialdia Zarauzko Ithaca talde gazteak. Jarraian etorriko dira Magia Bruta, Rukula, Sua eta Doctor Explosionekoak.
Hiru eszenatoki, 10X20ko karpa, txosna, food truck furgoneta, bokatak... lotu daitezkeen detaile guztiak zaindu dituzte antolatzaileek eta jaialdi ahaztezina izateko osagai guztiak ditu biharkoak. Aurten, estreinakoz, Punto morea ere jarriko dute.
- Parte hartuko duten musika talden inguruko xehetasunak BARREN aldizkariaren 1299. zenbakian -PDF-