Irailaren 21ean eta 22an izango da Elgoibarren Sotoko Hotsak eta irailaren 23rako antolatu dute Mendaron Gararock jaialdia. Bi herriotan zazpi talderen emanaz gozatzeko aukea izango da gaurtik domekara bitartean, eta Harat taldearen zuzenekoa izango da aurrenekoa, gaur gauean.
Iaz Beran sortutako taldea da Harat eta rocka edo post-rocka egiten dute. Mice eta Borroka taldean ibilitako Ibai Gogortzaren proiektua da (gitarra eta ahotsa da Harat-en) eta Mattin Arbelaitz (bateria) eta Iñigo Telletxeak (baxua) osatzen dute taldea. Iazko azaroan, taldearen izen bereko diskoa argitaratu zuten.
Irailaren 22rako, berriz, Cometa taldekoak gonbidatu dituzte Sinuösekoek Sotora (23:00). Madrildarrak dira eta biribilkiak, psikodelia eta garajeo biribilkiak dira beren musikaren ezaugarri nagusiak. Musika dantzagarria egiten dute. No creo en el amor izan zen beren lehen diskoa eta Bulería espacial lana argitaratu zuten iaz.
• Irailaren 23an, Gararock
Bost talderen emanaz gozatzeko aukera emango du aurten Gararock jaialdiak Mendaron, irailaren 23an: Ithaca, Magia Bruta, Rukula, Sua eta Doctor Explosion. Kontzertu guztiak Garagartzako plazan izango dira ondo bidean, debalde, eta jaialdiak bere berezko ezaugarri guztiak bilduko ditu: musika ona eta lagunarteko giroa. Musika zale kuadrilla batek antolatzen du Gararock, Mendaroko Udalaren babesarekin, eta musikariak eta musikazaleak zaintzeko erakutsitako mimoa izan du sorreratik ikur.
∞Lotura duten albisteak: