Harrera egitean euskara eta Euskal Herria aurkeztea falta da

Barren.eus 2023ko ira. 29a, 11:11

'Elgoibarrera bizitzera etorritako jatorri askotariko herritarren bizipen linguistikoak eta euskararekiko dituzten pertzepzioak' lana aurkeztu zuten atzo Ekhine Eizagirre Zubiaurrek (Zarautz, 1984) eta Saioa Iraola Urkiolak (Leitza, 1987), Udalak iaz zabaldu zuen Gotzon Garate bekaren irabazleek.

Soziolinguistika Klusterrak iazko abenduan kaleratu zuen Elgoibarko hizkuntza aniztasunaren maparen osagarri da lana. Mapa hura osatzeko, Elgoibarren erroldatuta dauden biztanleen jatorriak aztertu zituzten eta handik ondorioztatu zuten herrian zenbat hizkuntza berba egin daitezkeen -25etik gora-, jatorri-estatuetako hizkuntza aniztasunaren araberako hipotesiak eginda (ikus iaz BARRENen argitaratua). Orain, gure artean bizi diren jatorri askotariko lagunei hitza emanda, argazki osatuago bat aurkeztu dute Gotzon Garate bekaren laugarren edizioko esleipedunek.

2023 09 28 Ekhine Eizagirre eta Saioa Iraola gotzon garate beka elgoibar udala atz M askasibar

Euskal Herritik haragoko beste lurralde eta herrialdeetatik Elgoibarrera bizitzera etorri diren herritarrei ahotsa eman diete azterlan honetan Ekhine Eizagirrek eta Saioa Iraolak, haiek euskararekiko dituzten iritzi eta sentipenak ulertu eta ezagutzeko ezinbestekoa ikusten dutelako haien bizimodua eta bizi-baldintzak, bizi dituzten zapalkuntza zein pribilegio egoerak eta hizkuntzen erabilerak ezagutzea.
Ikerlana egiteko baliatu duten metodologia kualitatiboa izan da. 18 eta 60 urte bitarteko hamabi lagun elkarrizketatu dituzte, adin tarte, genero eta jatorri desberdinetakoak eta haiekin egindako elkarrizketa guztiak anonimoan eman dituzte. Entzuketa aktiboa izan dute ikerketaren muina: elkarrizketatuek esaten dutena entzun eta ondo ulertu dutela baieztatu dute ikertzaileek, haiek hizkuntzekiko eta euskararekiko dituzten bizipen zein pertzepzioak identifikatu eta multzokatzeko, uste dutelako hori egin gabe nekez garatu ahal izango direla Elgoibar euskalduntzeko hizkuntza politika eta baliabide eraginkorrak.

Irlanda, Italia, Albania, Errumania, Maroko, Mali, Nikaragua, Dominikar Errepublika Argentina, Txina eta Pakistandik etorritakoak dira elkarrizketatuak, eta euskara eta gaztelaniaz gain, beste hamabost hizkuntza berba egiten dituzte: ingelesa, albaniera, arabiera, berberera, mandarinoa, kantonera, italiera, bambara, soninkea, wolofa, urdua, punjabera, errumaniera, galeikoa eta frantsesa. Elgoibarrera bizi hobe baten bila etorritakoak dira elkarrizketatuak, zailak eta mingarriak izan dira haien migrazio prozesuak, eta askoren kasuan, gainera, arrazakeriak alderik alde gurutzatutakoak, arrazializatuak direlako. Haietako batzuei Elgoibarren edo hemen inguruan familia edo lagunen bat izatea lagungarri egin zaie, lana edo etxebizitza aurkitzeko, baina era berean, jatorria eta azal koloreagatiko estigma eta arrazakeria tarteko, etxebizitza eta lana topatzeko zailtasun handiak izan dituzte askok. Paperik gabe iritsitakoak dira, gainera, elkarrizketatuetako asko, eta gaur egun indarrean dagoen Atzerritarren legearen ondorioak gorpuztu eta sufritu dituzte. Bizitzeko oinarrizko beharrak asetzeko ezintasunak izan dituzte askok, eta egoera horretan, euskara ikastea baino urgentzia handiagoak izan dituzte. Izan ere, "prekarietateak norbere urgentzia, kezka eta errealitatetik harago pentsatzea oztopatzen du, eta hizkuntza berri bat ezagutzeko interesa eta kultura berri baterako sarbidea zailtzen ditu, beste zenbait desira eta amesteko aukera, finean". Hala ere, eta euskara ikastea lehentasuna ez izateak ez du esan nahi batzuei ikastea gustatuko ez litzaiekeenik. Elkarrizketatuetako gehienek gaztelerarekin nahikoa dutela sentitzen duten arren, batzuek euskara ikasiko luketela esan dute, gehiago sozializatzeko, inguruko pertsonei ulertzeko, lana topatzeko edo seme-alabei laguntzeko.

 • Zapalkuntzen Gurutzatzeaz
Migrazio prozesuak aztertu dituzte Eizagirrek eta Iraolak, bai eta migratzaileek Elgoibarrera iristean zer topatu duten eta zein helduleku, harreman sare eta bizimodu eraiki dituzten ere, eta era horretan, protagonisten bizimoldeak testuinguratzeaz gain, gorputz horiek zeharkatzen dituzten askotariko zapalkuntzak nahiz pribilegioak -aldi berean, menderatu eta menderatzaile izan gaitezkeelako egoeraren arabera- nola txirikordatzen diren azaldu dute. Batetik egiaztatu dute generoaren aldagaiak zeresan handia duela bizi-baldintzetan: elkarrizketatu dituzten emakume gehienek bizitzako momenturen batean lan prekarizatuan jardun dute. Lana lortzeko arazoak ere izan dituztela azpimarratu dute askok, arrazakeriagatik, eta kasu askotan, haurrak zaintzeko ardura izateagatik ere bai.
Generoaz gain, jatorria eta azalaren kolorea ere badira gurean oraindik bazterkeria sufritzeko arrazoi, eta zer esanik ez ahal ekonomikoa, klase soziala. "Zenbat eta beltzagoa izan, orduan eta handiagoa izan ohi da jasan beharreko zailtasun, bortizkeria eta bazterkeria". Zuritasunak, beraz, jarrera arrazista asko saihesten ditu lehen bistan, baina nabarmendu dute hizkuntza azentuak edo eta jatorria ezagutzeak aurreiritzi eta jarrera horiek aktiba ditzaketela. Era berean, zehaztu dute ez dela gauza bera, europarra izanda, Italian edo Errumanian jaioa izatea. Arrazakeria, beraz, egiturazkoa da Elgoibarren ere.

 • Hizkuntza erradiografia 
Elgoibarren 25 hizkuntzatik gora hitz egiten dira, baina hizkuntza komunitate ezberdinek elkarren artean nahasteko "joera urria" dute. Eta horixe da hain zuzen ere elkarrizketatuek azpimarratu dutena: erdal eta euskal komunitateak bereizita daudela. Beste ideia bat ere nabarmendu dute: gutxi egiten dela euskaraz Elgoibarren, eta beraz, bizi daitekeela euskaraz jakin gabe; gaztelaniaz jakin barik, ordea, ez. Hala, gaztelania aurrez zekitenen kasuan, gehienek horrekin nahikoa zutela sentitu dute, nahiz eta batzuek aitortu duten euskara ez jakiteagatik lana topatzeko zailtasunak izan dituztela. Soziolinguistika Klusterrak iaz egindako ikerketa kuantitatiboaren arabera, Elgoibarren bizi diren jatorri atzerritarreko biztanleen %49,2k gaztelania dute hizkuntza ofiziala jatorrian; hamabitik hamarrek. Beste bik ulertzeko zailtasunak dituzte. Euskararen argazkia oso bestelakoa da, baina. Nahiz eta denek ezagutu berba bat edo beste, hamabitik bakarra da euskaraz berba egiteko gai.
Beraz fokua haiek egiten edo egiten ez dutenean jarri ordez beti, beharbada hobe genuke guk geuk oker egiten ditugunetan jartzea batzuetan, hutsune batzuk identifikatu dituztelako azterlanean. Elkarrizketatuek adierazi dute, herritarrak, euskal hiztunak barne, gehienetan gazteleraz zuzentzen zaizkiela, eta hona iritsi orduko, gaztelania ikasteko aholkua jasotzen dutela, kalean zein administrazioan. Egin diegun harreran, beraz, gure kultura eta hizkuntzari buruzko transmisiorik ez da egon, eta horren adierazle da elkarrizketatu batzuek hemen euskara berba egiten denik ere ez jakitea edo Euskal Herria ez ezagutzea. "Gaztelania jakin edo ez, elkarrizketatu askok Elgoibarrera iritsi berritan (eta ondoren ere bai) ez zuten Euskal Herria kultura eta hizkuntza propioa duen nazio edo lurralde historiko gisa ezagutzen". Euskara sustatu eta ikasteko Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak ere ez dituzte ezagutzen askok, eta hortik ondorioztatu dute ikertzaileek espazio komunak izateak edo erreferentziazko harreragune bat eskura izateak asko erraztuko lukeela egiteko hori, bai eta hizkuntzari lotutako udal zerbitzuak ezagutzera emateko bide berriak pentsatzeak ere.
Elkarrizketatu dituzten guztiek dakizkite euskarazko berba bakarren batzuk, baina hizkuntzak ikasteko orduan hainbat zailtasun izan dituztela aipatu dute: hitz egiteko espazio falta, ikasteko denbora eta diru falta, eta alferkeria. Hizkuntzaren erabilerari dagokionez, berriz, jatorri askotariko herritar gehienek etxeko hizkuntza mantentzeko aukera egin dute, eta ondorengoei ere transmititu diete. Badira, hizkuntzen artean sailkapenik ez dela egin behar uste dutenak ere, eta adierazgarria da, esaterako, hizkuntza ez hegemonikoak edo gutxituak dakizkitenek euskararekin parekatzen dituztela eta garrantzitsua irizten diotela horiek mantentzeari.
Hizkuntza praktika guztien atzean, beraz, askotariko arrazoiak daude: harreman sareak, eguneroko ohiturak edo etorkizunerako intentzioak, adina, seme-alabak dituzten ala ez, hitz egiten dituzten hizkuntza kopuruak, gaztelaniaz dakiten ala ez, eta hizkuntzari atxikitako balioak eta hizkuntza ideologiak. Gehienek hizkuntza global gisa definitzen dute gaztelania. Ingelesa jakitea ere garrantzitsua da askorentzat, eta bai bat zein bestea euskara baino garrantzitsuagoak direla uste dute. Balio handiagoa esleitzen diote gaztelania eta ingelesari, eta horrenbestez hizkuntza horiek ikasteko motibazioa ere handiagoa da. Era berean, euskara ikasteko hizkuntza zaila den ustea ere badute elkarrizketatuek eta sarri errepikatzen dute. Horri lotuta beste ezaugarri batzuk ere atxikitzen dizkiote zenbaitek euskarari: hizkuntza zaila dela eta zaharra.

 • Gomendioak
Azterketa honetatik ondorioztatu dute behar ditugula espazioak hizkuntza komunitate ezberdinak elkartzeko eta behar dugula baita ere jatorri askotariko herritarrei arreta eta akonpainamendua emango dien erreferentziazko espazio bat ere, bai eta bitartekari kultural baten figura sortzea ere zerbitzu publikoetan. Baina gomendio gehiago ere egin dituzte:

  • Aisialdia ulertzeko dituzten modu desberdinak aintzat hartzea. Elgoibarko komunitateak elkar ezagutzeko eta kulturartekotasuna ikuspegi eraikitzaile batetik garatzeko, espazio komunak sortzea. Udalak espazio horiek erraztea.
  • Euskararekiko esperientzia positiboak sustatzea eta euskalduntzea sustatzeko jatorri askotariko herritarren motiboak aintzat hartzea eta sustatzea.
  • Herrian euskararen erabilera sustatzeko plan integralak sustatzea, lan arautuan, enplegua eta euskalduntzea uztartzeko proiektuak garatuz, etxeko lanetan jarduten duten emakumeentzako ikastaro bereziak antolatuz... Eta euskara praktikatzeko espazio informalak sortzea.
  • Hizkuntza baliabideak indartzeko beharra: doakotasuna, ikastaroen ordutegien malgutasuna, plaza eta ikastaro gehiago.
  • Hizkuntza politikak ikuspegi dekolonial batetik lantzea, besteak beste, hizkuntza politikak eta beste kulturak eta hizkuntzak babestu eta balioan jartzeko. Kulturartekotasuna sustatu eta arrazakeriaren aurkako jarrera indartzeko beharra.
  • Euskararen diglosia egoera kontuan hartu eta euskal hiztunak ahalduntzeko beharra. Euskara balioan jartzeko beharra.

 • Txostena eta Podcast-a
Ikerketa lanaren txosten osoa bost hizkuntzatan dago eskuragarri Udalaren webgunean, eta laburpen-liburuxka bat ere eskuragarri dago online eta inprimatutako formatuan Euskara Sailean eta Herritarrei Arreta Emateko Zerbitzuan (HAZ).

 • Aurkezpen ekitaldia
Aita Agirre Kulturgunean egin zuten atzo Gotzon Garate Bekaren IV. edizioaren ikerketa lana aurkezteko ekitaldia. Zatirik handiena euskaraz egin zuten arren, Telegram aplikazioaren bidez gaztelaniara itzultzeko zerbitzua eskaini zieten behar zutenei. Maialen Gurrutxaga alkateak beka deialdi honen nondik-norakoak azaldu zituen saioaren hasieran, eta lan honek Elgoibarko hizkuntza aniztasunaren testuinguruan duen garrantzia azpimarratu zuen. Ildo beretik, Udalak abian dituen proiektuak aipatu zituen, hala nola Auzoko proiektua, Berbazulo, Mintzaon, Harrera plana eta Aisa euskara ikastaroak. Gero, "Elgoibarko Hizkuntza Aniztasuna: Jatorri Askotariko Biztanleek euskararekiko dituzten pertzepzioak" lana aurkeztu zuten egileek, Ekhine Eizagirrek eta Saioa Iraolak. Auzoko egitasmoan parte hartzen ari diren familiek eginiko jakiak dastatuz eman zioten amaiera ekitaldiari.

Gotzon Garate bekaren lehenengo deialdian, 2009an, ikerketa gaia Elgoibarko Toponimia izan zen. Bigarren deialdian, 2014an, bekaren helburua Elgoibarko euskarazko ondarea gizarteratzeko egitasmoak edota euskarriak proposatzea izan zen, eta horren emaitza izan zen www.elgoibarreraz.eus ataria. Azkenik, hirugarren deialdiko gaia, Gotzon Garateren oroimenez, Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak, 2009an hasita, elkarlanean antolaturiko “Euskara ala Ezkara” zikloek emandakoa jaso, aztertu eta gizarteratzeko lan-plana izan zen, eta horren emaitza izan zen www.euskaraalaezkara.eus ataria.

2023 09 28 Ekhine Eizagirre eta Saioa Iraola gotzon garate beka elgoibar udala alkatea M askasibar

2023 09 28 Ekhine Eizagirre eta Saioa Iraola gotzon garate beka elgoibar udala ikus M askasibar

2023 09 28 Ekhine Eizagirre eta Saioa Iraola gotzon garate beka elgoibar udala luntxa 2M askasibar

2023 09 28 Ekhine Eizagirre eta Saioa Iraola gotzon garate beka elgoibar udala luntxa M askasibar

∞Lotura duten albisteak: