Elgoibarko hizkuntz aniztasuna aztergai izango du Gotzon Garate bekaren laugarren deialdiak

Barren.eus 2022ko mar. 8a, 14:06

Elgoibarko Udalak Gotzon Garate bekaren deialdia jarri du abian eta ikerketarako gaia honako hau izango da: hizkuntza aniztasuna Elgoibarren: jatorri atzerritarreko bizilagunak eta euskara.

Ikerketa lan honen helburu nagusia da Elgoibarren bizi diren jatorri atzerritarreko pertsonek euskara eta euskal kultura jaso eta ulertzeko dituzten moduak aztertzea. Baita ere identifikatzea hizkuntza integrazioan laguntzeko, etorkizunean egin litezkeen esku-hartzeetan kontuan hartu beharreko gakoak.

Beka norbanakoek zein lantaldeek eskatu ahal izango dute. Eskatzaileak erdi edo goi mailako unibertsitate titulua eta EGA edo agiri baliokideren bat izan behar ditu. Bekaren gehieneko iraupena zortzi hilabetekoa izango da, eta zenbatekoa, berriz, 10.000 eurokoa. Ikerketa lana euskaraz egiteaz gain, originala eta argitaratu gabea izan beharko da Udalaren ardurapean egingo du bekadunak.
Bekarako proposamenak aurkezteko azken eguna apirilaren 7a izango da eta eskabideak eta gainerako agiriak Elgoibarko Udalaren Herritarrentzako Arreta Bulegoan edo modu telematikoan aurkeztu ahal izango dira www.elgoibar.eus webgunean, “Gotzon Garate Bekaren IV. deialdia” erreferentzia jarrita. Webgunean eskura daitezke deialdiaren oinarriak eta informazio gehiagorako Elgoibarko Udalaren Euskara Sailera jo behar da, 943 744 366 zenbakira deituz edo euskara@elgoibar.eus helbidera idatziz.


 • 2009an lehen ikerketa beka
Elgoibarko Udalak 2009an sortu zuen Gotzon Garate izeneko beka, euskara arloko ikerketa sustatu, eta aldi berean, idazle eta euskaralari elgoibartarra omentzeko asmotan. Bekaren lehen deialdian Elgoibarko Toponimia aztertu zuten; bigarrenean, 2014an, Elgoibarko euskarazko ondarea gizarteratzeko egitasmoak edo euskarriak proposatu ostean, www.elgoibarreraz.eus ataria jarri zuten abian; eta hirugarrenean Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak elkarlanean antolatutako Euskara ala Ezkara zikloek 2009tik emandakoa jaso, aztertu eta gizarteratzeko lan-plana egin eta www.euskaraalaezkara.eus ataria ipini zuten martxan.