'Gezur Mila' abestiaren bideoklipa kaleratu du Muzak taldeak

Barren.eus 2023ko urr. 2a, 12:53

Muzak taldeak 2023ko urtarrilean kaleratu zuen bigarren lan luzeko, 'Irabaziak eta galerak' diskoko, abestietako bat da 'Gezur Mila'. Kanta honen bideoklipa kaleratu dute orain.

Debabarreneko power trioak kaleratzen duen bigarren bideoklipa da honakoa. Lehenengoa Mutrikun grabatu zuten, Aitor Sagarmendi baxu-jolearen jaioterrian, eta, oraingoan, taldearen ahotsa eta gitarra den Joanes Iñurrieta soraluzetarrak herrira eraman zituen taldekideak, 'Gezur Mila' kantaren bideoklipa grabatzera. Soraluzeko Herriko Antzokian grabatu zuten, Mutrikuko 'Biarko Produkzioak' enpresarekin, Enekoitz Andonegui ikus-entzunezkoen ekoizlearen gidaritzapean.

Argi gutxirekin jolastu nahian eta taula gaineko teloi beltzak aprobetxatuz, oihalezko "kutxa beltz" bat muntatu zuten, eta horren barruan grabatu zituzten bideokliparen irudi guztiak. Era honetan, 'Gezur Mila' kantaren mezua iruditan azpimarratu nahi izan dute. 'Gezur Mila'-k gaur egun sare sozialetan murgilduta egoteak suposatzen duenaz dihardu, mundu digitalean murgilduta bizitzearen argi-ilunez hausnartzeko bide ematen duen abestia da taldekideen esanetan.

∞Lotura duten albisteak: