'Gezur Mila' kanta argitaratu du Muzak taldeak

Barren.eus 2023ko eka. 13a, 10:51

Sare sozialek pertsonengan duten eraginean oinarrituta, single berria kaleratu du Muzak musika taldeak: Gezur mila.

Single-a entzungai da plataforma digitaletan (entzun hemen). Haritz Harreguy Studios-en grabatu dute. Bestalde, Muzak-ek bira egingo du udan eta lehen geldialdia Soraluzen egingo dute, uztailaren 24an, eta Elgoibarko san bartolome jaietan ere izango da hirukoa zuzenean entzuteko aukera, Su Ta Gar taldearen 'telonero' lanak egingo baitituzte Gazteen Eguneko kontzertuan.

Gezur mila-k gaur egun sare sozialetan murgilduta egoteak suposatzen duenaz dihardu. Muzak taldekoek azaldu dutenez, hemen sortzen den alter egoa erreala da, transmititzen dugunarekiko proportzionala. "Kea saltzen dugu sare horietan dugun aipagarritasuna bilatuz. Izan ere, bizi garen iragazkirik gabeko errealitate honek balioa galdu duela dirudi mundu paralelo faltsu horren aurrean. Like-aren eraginez mugitzen gara, eta arrakasta eta autoestimua zenbaki hutsen mende daude”.

Hain zuzen, mezu hori adierazi nahi izan dute abestiaren azaleko irudian ere, “gizarteak plataforma horietan saltzen duena. errealitate desitxuratua. Kea”.

Gezur mila Haritz Harreguy Studios-en (Asgarth, Sara Zozaya, Sua, Dupla, Ken 7...) grabatu dute eta Tony Lindgren-ekin Fascination Street Studios-en (Katatonia, Vola, Amorphis, Leprous...) masterizatu dute.

Bi disko ditu Muzak musika taldeak, Programaturik, 2021eko abendukoa eta Irabaziak eta galerak, 2023ko urtarrilekoa. Rock progresiboaren bidetik, oraingoan, metalaren edota pop-aren ukituekin jolastu dute. Muzak talde dinamikoa da, etengabe aldatzen ari dena, Soraluzeko Joanes Iñurrieta da ahotsa eta gitarra, Ruben Irigoyen elgoibartarra da bateria eta Aitor Sagarmendi mutrikuarra da baxujolea.

Udan hasita, lau kontzertu ditu hitzartuta Debabarreneko musika taldeak:

  • Uztailak 24, Soraluze
  • Abuztuak 28, Elgoibar (Muzak + Su ta Gar)
  • Irailak 15, Azpeitia
  • Urriak 13, Urnieta (Muzak + Ithaka)

∞Lotura duten albisteak: