Sanloko zuzendaritzak balorazio oso baikorra egin du eta pozik daude lau egunetan Maalan egon den karparen bueltan sortu den giroarekin eta izan dituzten emaitzekin. Jakinarazi dutenez, garagardo normala edateko mila txartel saldu dituzte, hau da, 500 litro inguru. Garagardo bereziek ere estimazio handia eduki dute, eta 800 txartel, edo beste era batera esanda 400 litro saldu dituzte. Garagardoaz gainera, ura, txakolina, sagardoa, freskagarriak eta konbinatuak ere saldu dituzte azokan. Domekan egin zuten paella janean, berriz, 125 lagun elkartu ziren.
Joan den eguenean azokako ateak zabaldu zituztenetik, toki askotariko jendea etorri dela nabarmendu dute, "inguruko herrietako jende asko ibili da azokan, Mendaro, Eibar, Donostia edo Zumaiakoak, eta baita urrunagokoak ere, Mexiko, Brasil edo Errumaniako lagunak ere izan baititugu", azaldu dute. Dislegikoen bisita ere jaso zuten zapatuan, eta haiekin batera bazkaldu zuten karpan, Dislexiaren Astearen barruan antolatutako ekitaldien barruan.
Sanloko zuzendaritzako kideek eskerrak eman dizkiete garagardo azokara gerturau diren herritar guztiei eta azoka aurrera eramaten lagundu duten guztiei, besteak beste, Elgoibarko Udalari, babesleei eta klubeko jokalariei, entrenatzaileei, familiei, bolondesei eta karpa musikaz girotu duten musikari guztiei.
• Sariak eta zozketak
Sariak ere banatu dituzte Sanlobeer azokan. Batetik, patinete elektriko bat eta produktuz osatutako otar bat zozkatu dituzte. 5574 zenbakiaren jabeak irabazi du otarra. Patinetea eskuratzeko zozketan 3742 zenbakia da sariduna eta 5132 erreserbakoa. Bestetik, errifa bat ere egin dute, Salenton afari edo bazkari bat saritzat zuena. 7852 zenbakia izan da errifako saritua eta 7929 zenbakia da ordezko zenbakia.
- ARGAZKI-BILDUMA: 2023ko Sanlobeer azoka, irudietan