Aisialdirako gunea eraikiko dute Iñiguez Karkizao kalean

Barren.eus 2023ko urt. 19a, 15:18

Iñigez Karkizao kaleko berdegune batean aisialdirako gune berri bat eraikitzeko proiektua aurkeztu du Elgoibarko Udalak.

Aisialdirako gune berriak haurrentzako jolasak, kalistenia parke bat, urmael bat eta herritarren erabilerarako 30 baratze izango ditu.

Iñiguez Karkizaon eraikitzen diharduten etxebizitza berriei loturiko aisialdi gunea dela azaldu dute Elgoibarko Udaletik. Proiektua Urruzunoko bizitegi-area berriaren barruan gauzatuko dute; Grupo Eibar S.L. enpresa da sustatzailea. Eremu horretan babes ofizialeko 70 etxebizitza eraiki zituzten, eta orain, 124 etxebizitza gehiago izango ditu lanak amaitzean. "Bizilagun asko joan dira herriko inguru honetara bizitzera, eta gehiago ere joango dira", azaldu dute. Etxebizitza eta bizilagun kopuruak handitu direnez, aisialdirako "gune egoki" bat eraikitzea erabaki du Udalak. Etxebizita ustatzaileak ingurua urbanizatuko du lehenik, udalak ondoren haur-jolasak edo kalistenia-parke berri bat instalatu ahal izan ditzan. Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, hil honen amaieran hasiko dituzte lanak eta lau bat hilabeteko iraupena izango dute.
Aisialdi gunea hartuko duen lurzatiak 15.000 metro koadro inguru ditu, baina erdia erabiliko dute. Gune horrek haurrentzako jolas gune bat, kalistenia parke bat, urmael bat eta 30 baratze izango ditu. Elementu horiek guztiak berdegunez inguratutako pasealeku berri batek lotuko ditu, eremuak basoa izango baitu gainaldean. Iñigez Karkizao kalearen luzapena izango da aisialdi gunea, A-8 autobidea eta Toletxe zein San Pedro kaleetako etxebizitzen artean dagoen berdegunean egongo da. Sarbidea Andonenea etxearen ondotik izango du, Albitzuriko industrialdera igotzeko bidean dagoen bihurgune paretik.

2023 01 19 aisialdi gunea mapan 2 inigez karkizao elgoibar udala