Hastapenean bezala, 50 eurotako saski bakarra izango da oraingoan eskuragarri. 23 ekoizlek ekoiztutako bederatzi produktu ekologiko eta konbentzionalak izango ditu otarrak.
Saski bakoitzaren kostuaren %25 nafar hegoaldeko euskalgintzara bideratuko dute. Eskaerak urriaren 20tik azaroaren 9ra bitartean egin ahal izango dira eta saskiak Elgoibarren nahiz Mendaron jaso ahal izango dira ondoren. Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora.
2013an jaio zen Errigora. Iruñeko Nabarreria plazan dagoen Zabaldi Elkartasun Etxean agertu ziren urriko egun batean, egitasmoaren asmoak aurkeztu eta Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainan parte hartzeko deia egiteko. "«Nafarroa hegoaldekoak propio diren produktuak Euskal Herrian zehar zabaltzeko" eta "zonaldeko euskalgintzari ekarpena egiteko" xedea zuen egitasmo hark hainbat lagunen interesa piztu zuen, ekimen freskoa baitzen ordurako. "Ez da magia kontua. Ibilbide luzeko herrigintzako beternaook eta gazteagook lantalde txiki bat osatu genuen hasieran eta, harremana harremanari lotuz, sare zahar-berritua irudikatu genuen. Eta saskia eskatu genuen 8.000tik gora lagunek egin genuen ordura arte eginkizun zena. Gurpila jiraka hasi zen", esan dute Errigorakoek, hastapenak gogoan.
Ordutik, urteez gain, 130.000tik gora saski bete dituzte Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuekin, Euskal Herrian bertan kontsumi daitezen. Aldi berean, euskalgintzaren zakua ere oparo bete dutela azpimarratu dute, "1.800.000 euro!" saskiek emandako mozkinekin. Eta, kanpainak joan kanpainak etorri, Errigoraren komunitatearen argazkia betez joan da ekimenera batu zaizkien boluntario, ekoizle, kontsumitzaile, bidelagun eta onuradun berriekin.
Honengatik guztiagatik, ekimenaren jaiotzatik 10 urte bete direnean, urteurrena ospatzeko Errigoraren komunitatearen argazki erraldoia atera nahi dute kanpaina honetan. "Garenak, izan garenak eta izan nahi dugun guztiak batu nahi ditugu, hamarkada baten ostean, fase berri bati elkarrekin eta indarberrituta ekiteko".
Eta, asmo hori betezeko, propio moldatu dute aurtengo saski-eskaintza. Hastapenetakoari keinu eginez, 50 euroko saski bakarra osatu dute 2023 honetan ere. "ure komunitate osoak kanpainarekin bat egiteko saskia, hain zuzen: Originala, biribila eta biderkatzailea. Inoiz baino gehiago banatzeko".
• Eskaintza: 10 urte bete-bete saskia
Errigora sortu zeneko aldian bezala 50 eurotako saski bakarra eskainiko dute urteurren edizio berezi honetan. Honela deskribatu dute:
- Originala: Sorrerako saskiaren modukoa eta aldi berean joera berrikoa
- Biribila: 8 ertz izan arren, Errigora dena, garena, biltzen duena (ekoizle taldea, euskalgintzarako ekarpena, auzolangileen emana,…)
- Biderkatzailea: Sinpletasunetik, parte izateari eta izan nahiari dei egiteko ahala duena.
Inoizko etxe gehienetara iritsi asmo duen kutxa honetan, Errigora beraren 10 urteko ibilbidea jasoko dute eskatzaileek:
- 23 ekoizleren ohiko bederatzi produktu ekologiko eta konbentzionalak nahasian. Zehazki ekoizleak hauek dira: Ablitasgo kooperatiba, El Alcaraván (Argedas), El Agricultor (Lerin), Aristu (Irunberri), Axuribeltz (Iturgoien), Azanza (Abartzuza), Azpea (Irunberri), Biosasun (Discastillo), La casa del aceite (Cascante), Bardea (San Isidro del Pinar), La Churta (Allo), Ebrón (San Adrian), Enara (Arroitz), El Escolar (San Adrian), Gobeiaberri (Lodosa), Hazialdeko (hainbat herri), Iturri (Arroitz), Lezaun (Lakar), Martinelli (Beriain), Mendiko (Oibar), El Molinero (Arroitz), Monasterio de Cascante eta Urrutia (Uxue).
• Saskiaren prezioa, produktu horiek dendan erosi ezkero izango luketen prezioen parekoa da. %25a euskalgintzarako ekarpena da.
• Diru ekarpena
10 urteko ibilian udazkeneroko kanpainetan bildutako diru ekarpena ondokoa izan da:
- Aek, Ikastolen Elkartea eta Sortzen-en Ager eremuko ikastola, euskaltegi eta eskoletako zailtasun ekonomikoei aurre egiteko "ezinbestekoa izan da" Puzkako urteroko ekarpena: Argia (Tutera)-Erentzun (Biana)-Ibaialde (Lodosa) ikastoletan inbertsioak; Aek-ren beka sistema finantzatzea; D ereduko lerro berriak bultzatu eta babesteko dinamikak.
- Agerreko euskaltzaleak harago begira jartzeko sormen gaitasuna eta hauspoa ere ekarri du: Agerraldia.
- 1.800.000 euro izan dira.
Aurtengo edizio berezian inoizko gehien bete asmo dute zakua eta saski bakoitzaren 50 euroetatik %25, auzolan ariketari esker, Argia (Tutera)-Erentzun (Biana)-Ibaialde (Lodosa), Ager eremuko Aek, D ereduko lerroetara eta Agerraldia-ren ekimenak finantzatzera bideratuko dute.
Informazio gehiago: errigora.eus