'Greenpiss' antzezlana taularatuko du Yllanak barikuan Elgoibarko Herriko Antzokian

Barren.eus 2023ko urr. 24a, 14:02

Yllana antzerki taldeak 'Greenpiss' antzerkia taularatuko du datorren barikuan, urriaren 27an, Herriko Antzokian. Umorea egiten du antzerki talde honek, eta dagoeneko, ezagunak dira Elgoibarren, azken urteotan behin baino gehiagotan etorri baitira.

Urte hasieran, urtarrilaren 27an, 'Trash' antzerkiarekin etorri ziren Yllana konpainiakoak Elgoibarrera eta oraingoan Greenpiss izenekoa taularatuko dute. Greenpiss antzezlana ekologiaren satira bat da, eta gure planetaren eta espeziearen biziraupenari buruzko gogoeta egiten dute, umoretik. Lau aktorek hartuko dute parte, baina bakoitzak paper bat baino gehiago beteko ditu, hasi politikarietatik eta pingunoetara arte. 19:00etan hasiko da ikuskizuna. Sarrerak aurrez eros daitezke herrikoantzokia.eus webgunean eta agortzen ez badira, egunean bertan ere salduko dituzte, txarteldegian.

Yllana antzerki konpainia 1991an sortu zuten, eta hasieran keinu bidezko umorea egiten hasi ziren, baina gaur egun dibertsifikatu egin dute euren lana arte eszeniko eta ikus-entzunezko zerbitzuekin osatu. Juan Francisco Ramos, Marcos Ottone, David Ottone, Joseph O' Curneen eta Fidel Fernandezek osatzen dute taldea eta 31 urteotan 37 antzezlan sortu dituzte: ¡Muu! (1991), Glub, Glub (1994), 666 (1998), Hipo (1999), Rock and Clown (2000), Spingo (2001), ¡Splash! (2002), Star Trip (2003), Los Mejores Sketches de Monty Python (2004), Olimplaff (2004), La Cantante Calva (2005), Buuu! (2006), PaGAGnini (2007), Musicall (2007), Brokers (2008), Zoo (2009), Sensormen (2010), ¡Muu!2 (2011), The Hole (2011), Action Man (2012), Far West (2012), Los Mejores Sketches de Monty Python (2013), Malikianini, Sinfònic Ara (2014), The Gagfather (2014), Chefs (2015), Lo Mejor de Yllana (2016), The Primitals (2016), The Opera Locos (2018), Ben-Hur (2018), Gag Movie (2018), Maestrissimo (2019), Glubs (2020), Greenpiss (2020), Trash! (2021), No Todo Son Pulgas (2021), The Royal Gag Orchestra (2021) eta Passport (2022).
Milioika ikuslek ikusi dituzte obra horiek 48 herrialdetan, eta sari ugari ere jaso dituzte. Elgoibarren Yllanaren lan dezente ikusteko aukera izan dugu azken urteetan.