Perkusioa, umorea eta birziklapena uztartzen dituen atzezlana emango dute barikuan Herriko Antzokian

Barren.eus 2023ko urt. 25a, 16:01

Yllana eta Töthem Company taldeek Alemaniako Friburgo hirian emango dute gaur elkarlanean sortu duten 'Trash' antzerkiaren emanaldi bat eta barikuan Elgoibarko Herriko Antzokian ikusteko aukera izango da.

Perkusioaren, mugimenduaren eta umorearen bitartez gizartearen gehiegizko kontsumismoari buruzko hausnarketa egin dute obra honetan Yllana eta Tothem taldeek. Zabortegi bateko lau langile dira Trash ikuskizuneko protagonistak. Beraiengana iristen diren hondakinei bizitza berri bat ematen saiatuko dira, ikusleak birziklapenari buruzko hausnarketa egitera bultzatuz.

Hilaren 27an izango da emanaldia, 19:00etan, Herriko Antzokian. Sarrerak lehiatilan bertan erosteko aukera egongo da, eta bestela, herrikoantzokia.eus webgunean eros daitezke.

Mayumana, Toompak edota Yllana antzerki taldeetan aritutako artistek sortu zuten Töthem Company taldea 2020an, antzerkiko alor berrietan ikertzeko ezinegonak bultzatuta. 'Trash' izan da lehen emaitza eta Gorka Gonzalez eta Jony Elias dira taldeko zuzendari artistikoak. Lehenak, Gonzalezek, birziklapena eta musika ikur hartuta dozena bat ikuskizun sortu zituen Toompak taldearekin. Elias, berriz, 2001etik da taldekide Madrilgo Yllana konpainia entzutetsuan. Berhythm metodoaren eta Making Comedy delakoaren sortzailea ere bada; eta, besteak beste, Jose Mota umoregilearen ohiko laguntzailea da, hark telebistarako egiten dituen saioetan.
Yllana antzerki konpainia 1991an sortu zuten, eta hasieran keinu bidezko umorea egiten hasi ziren, baina gaur egun dibertsifikatu egin dute euren lana arte eszeniko eta ikus-entzunezko zerbitzuekin osatuta. Juan Francisco Ramos, Marcos Ottone, David Ottone, Joseph O' Curneen eta Fidel Fernandezek osatzen dute taldea eta 31 urteotan 37 antzezlan sortu dituzte: ¡Muu! (1991), Glub, Glub (1994), 666 (1998), Hipo (1999),
Rock and Clown (2000), Spingo (2001), ¡Splash! (2002), Star Trip (2003), Los Mejores Sketches de Monty Python (2004), Olimplaff (2004), La Cantante Calva (2005), Buuu! (2006), PaGAGnini (2007), Musicall (2007), Brokers (2008), Zoo (2009), Sensormen (2010), ¡Muu!2 (2011), The Hole (2011), Action Man (2012), Far West (2012), Los Mejores Sketches de Monty Python (2013), Malikianini, Sinfònic Ara (2014), The Gagfather (2014), Chefs (2015), Lo Mejor de Yllana (2016), The Primitals (2016), The Opera Locos (2018), Ben-Hur (2018), Gag Movie (2018), Maestrissimo (2019), Glubs (2020), Greenpiss (2020), Trash! (2021), No Todo Son Pulgas (2021), The Royal Gag Orchestra (2021) y Passport (2022).
Milioika ikuslek ikusi dituzte obra horiek 48 herrialdetan, eta sari ugari ere jaso dituzte. Elgoibarren Yllanaren lan dezente ikusteko aukera izan dugu azken urteetan.