50 lagunetik gora batu ziren 'Kantua, dantza eta komunitatea' izeneko jardunaldian, gehienak dantza mundukoak. Ihitz Iriart Casenavek emana bere kantu ibilbideari lotuta egon zen. Umetan hasi zen kantuan eta kantuan darrai oraindik. Amaren alabak taldeko abeslaria da Iriarte. Kantuak Zuberoan duen garrantzia azpimarratu zuen, eta kantuari esker Euskal Herria eta beste lurralde batzuk ezagutzeko aukera izan zuela azaldu zuen.
Segidan, musika eskolako Gaztenahia koruko kideek bi abesti kantatu zituzten: Amaren alabak taldearen 'Ainerak egin' eta Xabier Leteren 'Xalbadorren heriotzean', bigarren kantu hori koruko zuzendaria den Silvia Hernandezek pianoan lagunduta. Ihitz Iriartek ere abestu zuen gaztetxoekin batera bi abestietan.
Duguna dantza taldeko Aritz Ibañez Lusarretak, bestalde, dantzaren mundua, komunitatea eta euskara lotu zituen bere solasaldian. Dantzak kulturgintzaren eta euskalgintzaren mesedetan egiten duena eta egin dezakeena nabarmendu zituen, eta horren gaineko hainbat adibide eta esperientzien berri eman zuen. Erdigunean gozamena dagoela ere aipatu zuen Iruñeako Duguna dantza taldeko zuzendariak. Aurreko zapatuan Elgoibarren bizitakoak ere gogora earri zituen Kezka eta Haritz taldeko kideekin batera Dantza Jaialdia egin baitzuten Elgoibarko kaleetan.
Antolatzaileen arabera, ekimen oso interesgarria izan zen, eta han esandakoak kontuak hartzeko modukoak direla nabarmendu dute.
• Elgoibarko Izarrari aitortza
Ekimenaren amaieran, Haritz taldeko ordezkari batek oroigarri bat oparitu zion Elgoibarko Izarrari, Haritzen 50. urteurrenak eta Elgoibarko Izarraren 60. urteurrenak bat egin dutela aprobetxatuta. Imanol Larrañagak jaso zuen oroigarria Elgoibarko Izarraren izenean.