Kantua, dantza eta komunitatea josiko dituzte eguaztenean, musika eskolan

Barren.eus 2023ko urr. 19a, 11:42

Kantua, dantza, euskara eta komunitatea josiko dituen ekimena izango da urriaren 25ean Elgoibarko musika eskolako auditoriumean, Elgoibarko Izarrak, Udalak, Musika Eskolak eta Haritz dantza taldeak antolatuta. Bi hitzaldi eta kantuak izango dira osagaiak.

Ekimenari hasiera emateko 'Kantu bidean, Txori kantagiatik Leku Ederrera!' hitzaldia emango du Ihitz Iriart Casenavek, Amaren alabak taldeko abeslariak. Iparraldeko kantagintzaz eta eta bere kultur eragile ibilbidearen esperientziaz berba egingo du, eta baita hango kulturaren baloreez ere: hizkuntzaz, elkarlanaz eta komunitatearen sendotzeaz, besteak beste.

Segidan, musika eskolako Gaztanahia koruak bi abesti kantatuko ditu: Amaren alabak taldearen 'Ainerak egin' eta Xabier Leteren 'Xalbadorren heriotzean'. Musika Eskolako 11 gaztek osatzen dute taldea, eta Silvia Hernandez da zuzendaria. Gazteok ahots musikaz gozatzeko lanean dihardute, eta mota askotariko kantak abesten dituzte.

Azkenik, Aritz Ibañez Lusarreta Duguna dantza taldeko zuzendariak 'Euskararen zinta-dantza, euskara eta komunitatea txirikordatuz' izenburua duen hitzaldia emango du. Euskal dantza eta komunitatea hariak txirikordatuko ditu zinta dantzarekin simil bat eginez. Honela azaldu du berak: "Dantzak komunitatea irudikatzen du sinbolikoki, eta irudikatzeak berak komunitatea txirikordatzen eta ehuntzen laguntzen digu, harremanak indartuz. Bi hari horiek —euskal dantza eta komunitatea— euskararenarekin korapilatuz gero, txirikorda sendoa ehundu dezakegula erakutsi digute hainbat esperientziek".

19:00etan hasiko da ekitaldia.

2023 10 19 kantua dantza komunitatea kartela