Mila lagun inguru batu ditu Elgoibarko kinto ospakizunen estreinako egunak. Kalegoen plazan elkartu dira 13:00etan eta argazki erraldoia atera ostean, kinto bakoitzeko taldea bere kontura ibiliko da. Mauxitxa txarangak Euskaraldiari babesa adierazteko argazkia ateratzeko ere aprobetxatu du aukera eta herritarrak atzean dituztela atera dute argazkia.
•Asteburu bete-betea
Festa giroa ziurtatuta dago Elgoibarko kaleetan, eta ez bakarrik kinto-ospakizunagatik, urriko azken asteburua bete-betea izango baita. Barixakuan jarri zuten martxan Kalefood merkatua Maalako parkean eta horren barruan foodtruck furgonetak, artisauen postuak, zuzeneko musika eta umeentzako tailerrak egingo dituzte, besteak beste, domekara bitartean.
Taupada antzerki taldeak ere atzo eskaini behar zuen Logikomitoak antzezlana, baina euriagatik bertan behera gelditu zen emanaldia.
Gaur, hil bukaerako nekazaritza eta abeltzaintza feria egin dute. Umeentzako artile tailerra eskaini dute Kalebarrenen eta Lagun Taldea Txirrindulari eskolak kudeatu du txosna. Ohi duten legez, gau osoan erre duten txerriarekin egindako pintxoak saldu dituzte.
Gaur eta bihar Elgoibarko Artisauen azoka ere egingo dute Maalan.
Domekan, Karakate Mikologi Elkarteak antolatutako perretxiko erakusketa ikusi ahal izango da Kultur Etxeko sotoan, 11:00etatik aurrera. 12:30ean hileroko kontzertua eskainiko du Udal Musika Bandak (ikus kontzertuko egitaraua). Hortaz, aisialdirako aukera zabala izango da asteburuan eta ordu bat gehiago izateak ere lagunduko du, ordulariak ordu bat atzeratu behar baitira gaur, neguko ordutegira egokitzeko. Goizaldeko hiruretan, ordu biak izango dira.