Denboraldi berriko taldea aurkeztu du Lagunak Pilota Eskolak Ikastolako frontoian. Aurten, gainera, pandemia sasoitik etenda egon den pilota eskola ere martxan jarri dute, eta 40 bat pilotari gaztetxok eman dute izena. Pilota Federatuari dagokionez, lau pilotari ditu Lagunakek, bi seniorretan eta bi kadeteetan. Palan, bestalde, bederatzi bat pilotari ari dira lehian.
• Zein da Lagunak Pilota Elkartearen egungo egoera ?
Pandemia garaitik pilota eskola etenda egon da, eta aurten berreskuratu dugu, 40 bat pilotarirekin. Pozik gaude alde horretatik, baina pilota egoera larrian dago herri guztietan. Kirol gogorra da, indibiduala eta aurrera segitzea zaila da. Umetan oso pozik ibiltzen dira umeak, baina gero laga egiten dute. Kategoriaz igo ahala pilota gogortu egiten da, eta oinarrizko teknika eduki arren, pilota berriarekin jokatzen ikasi behar dute berriz, takoak ere hobeto ipini behar dira minik ez hartzeko... gogorra da.
• Zein helburu daukazue aurtengo denboraldirako?
Une honetan gure helburu nagusia umeek pilotarekin gozatzea da, eta ahal bada, norbaitek aurrera segitzea. Une honetan lau pilotari ditugu federatuta esku-pilotan. Palan jende gehiago daukagu. Kirol errazagoa da pala, ez da minik hartzen, eta behin ikasita, entrenatuz gero, hobetzen joaten zara. Palan lau bikote ditugu maila gorenean. Egoera orokorra da, herri guztietan gertatzen da. Pandemiak ere kalte egin zigun; etenaldia egon da urte batzuetan eta ez zegoen umerik. Futbolak eta eskubaloiak ere, ume asko erakartzen dituzte, eta horri aurre egitea zaila da. Neska gehienak ere futbolera edo eskubaloira joaten dira, eta pilotan bakarra daukagu. Elgoibarren eskolaz kanpoko aukera handia dago, eta umeak ezin dira denera iritsi. Eskola Kirolean ere ez dute asko lantzen esku-pilota, eta hor sartzeak agian lagunduko luke. Ikastolak antolatzen du Pilota Eguna, eta horren aurretik ikastetxean praktikatzen dute; eskertzekoa da. Udalak orain esan digu baduela interesa kirol minoritarioei laguntzeko, txirrindularitzari eta pilotari, esaterako. Garrantzitsuena ekintzak antolatzea da, umeek pilotan jokatzeko aukera izan dezaten, hori delako azken batean beraiei gustatzen zaiena; jokatzea eta ondo pasatzea. Baina horretarako dirua behar da, eta nik badakit Udalak ezin duela dena finantziatu, elkarte asko daudelako herrian. Horregatik jotzen dugu denok babesle pribatuetara. Guk aurten Haizelur enpresaren laguntza lortu dugu, eta eskerrak eman nahi dizkiot.
• Nola sartu zinen zu elkartean?
Beti izan naiz pilotazalea, eta betidanik ibili izan naiz jokatzen: hasieran esku-pilotan eta gero palan. Baltasar elkarteak zeukan hasieran Elgoibarren pilotaren ardura, eta hango kideek sortu zuten Lagunak elkartea. Arduradunak errelebo bila hasi ziren, eta ez zuen inork errelebo hori hartzen. Ordagoa bota zuten, eta palan jokatzen genuen taldeko kideek animatu ninduten zuzendaritzan sartzera, beraiek lagunduko zidatela esanez. Nire semeak ere pilotan jokatzeko adinera iristen ari ziren, eta nahi nuen beraiek pilotan jokatzea, baina batez ere, ez nuen nahi Elgoibar pilota elkarterik gabe gelditzerik. Ume asko edo gutxi egotea elkartean beste kontu bat da, baina elkarterik ez badago, ez da inor ibiliko pilotan. 2014an sartu nintzen ni, eta aurreko taldetik Antonio Azpiazu bakarrik geratu zen. Lehendakari postua hartu zuen, eta berarengandik ikasi genuen besteok. Lan handia egin zuen Antoniok herrian pilotaren alde.
• Antonio Azpiazuri merezitako omenaldia egin zenioten sanbartolomeetan.
Bai, justuan iritsi ginen, baina pozik gaude garaiz iritsi ginelako. Gizon ona zen, eta beti zegoen laguntzeko prest. Gaixorik zegoela bagenekien, eta merezi zuen errekonozimendu bat. San Bartolome Egunean egin genion ikastolan, eta oso hunkigarria izan zen. Aurpegian ikusten zitzaion eskertuta eta hunkituta zegoela. Lan handia egin zuen elkartean. Nik berari laguntzen nion eta berak niri. Egia da jende gutxi dagoela elkartean, guraso batzuk sartu dira orain, baina eskertuko genuke jende gehiagoren laguntza. Nik ahal dudana egiten dut, baina ez naiz denera iristen.
• San Anton pilota txapelketak eta Kalegoen plazako pala txapelketak izaten dute arrakasta. Elgoibar herri pilotazalea dela esango al zenuke?
Ikusteko zaletasuna badagoela esango nuke. San Anton txapelketara afizionatu mailako pilotaririk onenak ekartzen ditugu, profesionaletara jauzia emateko atarian daudenak, eta giro polita sortzen da frontoian. Plazako pala txapelketak oso ondo funtzionatzen du, bai partaidetza aldetik eta baita ikusle aldetik ere. Antolakuntzarako behar dugu laguntza hor ere. Iaz deialdia egin genuen eta ez zen inor agertu. Baina, ikusita arrakasta daukala, ahal dugun moduan eutsiko diogu.
• 10Bai taldea sortu zuten garai batean, 10 koadroko frontoia eskatzeko. Zein egoeratan dago frontoi berriaren proiektua?
Geldirik dago, eta ikusita herrian une honetan pilotak daukan egoera, normala iruditzen zait. Frontoia baldintza duinetan behar dugu, baina frontoi berririk ez dut uste behar dugunik. Ikastolako frontoian itokinak izaten ditugu, eta bai eskertuko genuke frontoia berritzea.