Antonio Azpiazuk hunkituta jaso du pilotazaleen omenaldia

Barren.eus 2023ko abu. 24a, 21:02

Pilotaren eta herriko pilotarien alde egindako urteetako lanaren aitortza jaso du gaur Antonio Azpiazuk, eta ez edonolako agertokian gainera, San Bartolome Eguneko pilotari profesionalen arteko jaialdian jaso du omenaldia.

Ezkurdia eta Zabaletak Altuna IIIaren eta Martijaren aurka jokatu duten partida estelarraren atarikoan omendu dute Antonio Azpiazu, eta aipaturiko lau pilotariez gainera, lehen partidan lehian aritu diren lau pilotariak ere batu dira omnaldira: Dario, Bikuña, Etxeberria eta Erostarbe.

Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak eta Lagunak Pilota Eskolak antolatu dute Azpiazu omentzeko ekitaldia, hainbat eta hainbat urtetan herriko pilota eskolari egin dion ekarpenagatik. Lagunak Pilota eskolako pilotariek ohorezko pasiloa egin diote eta txistularien doinuen laguntzaz egin du bidea Azpiazuk, Ramon Mugica alboan zuela, eta pasiloaen amaieran zituen zain Aspe pilota enpresako zortzi pilotariak. Haiek agurtu ostean, txapela jarri dio buru gainean Aitor Berguak, Lagunak Pilota Eskolako arduradunak. Aspeko Inaxio Errandonea teknikariak ere eman dio oroigarria enpresaren izenean, eta Elgoibarko Udalarena ere jaso du, Maialen Gurrutxaga alkatearen eta Rikardo Astigarraga kirol zinegotziaren eskuetatik. Azpiazuk hunkituta jaso du omenaldia, harmailak pilotazalez beteta zeudela. Aurrezkua dantzatuz eman diote amaiera omenaldiari. (omenaldiko argazki gehiago San Bartolome Eguneko argazki bilduman)

Omenaldiko bideoa BARRENeko Instagram konmtuan

Irakurri hemen Antonio Azpiazuk joan den uztaileko azken zenbakian BARRENi eman zion elkarrizketa -PDF-

2023 08 24 omenaldia antonio azpiazu lagunak BARREN aurreskua

2023 08 24 omenaldia antonio azpiazu lagunak BARREN danak