Elgoibarko pertsona talde batek, komunitate musulmanekoak barne, eta Deba bailarako Kontseilu Sozialistak antolatuta, herriko kaleak zeharkatu zituen manifestazioa egin zuten joan den zapatuan Elgoibarren, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko.
Gaur ere izango dira Palestinaren aldeko ekitaldiak Elgoibarren zein Mendaron. Gernika-Palestina herri deialdia sortu zuten zenbait eragilek, Donostian urriaren 21ean egin zuten nazio manifestazioaren harira, eta orain azaroaren 7an Euskal Herriko herri guztietan mobilizatzera dei egin dute. Atzo jakitera eman zutenez, 107 herrik bat egin dute deialdiarekin, tartean Elgoibarrek zein Mendarok. Hala, gaur goizean hezkuntza zentroetan eta hainbat lantegitan elkarretaratzeak egingo dituzte, eta arratsaldean udaletxeen aurrean batzera deitu dute. Mendarokoa 18:30ean izango da eta 19:00etan Elgoibarkoa. Mendaron ostiralerako, azaroaren 10erako ere iragarri dute elkarretaratzea, 19:00etan hasita.