Fortuna kirol elkarteko arduradunek jakitera eman dutenez, Elgoibartik 65 lagunek eman dute parte hartzeko izena, 9 emakumek eta 56 gizonek. Mendarotik 8 dira izena emandakoak, bakarra emakumea. Iaz 39 elgoibartarrek eta 9 mendaroarrek amaitu zuten lasterketa.
Debabarreneko Gipuzkoako herrietatik 251 lagun dira izena emandakoak: Deba (30), Itziar (9), Mutriku (14), Eibar (120), Soraluze (5), Elgoibar (65) eta Mendaro (8).
Behobia Donostia lasterketako koordinatzaile Iñigo Etxeberriak eta produktore eragilea den Fernando Ibarretak aurtengo edizioaren nondik norakoak eta datu teknikoak emateko prentsaurreko agerraldia egin zuten atzo. Azpimarratu zutenez, edizio honetarako izen ematean gora egin du gipuzkoarren kopuruak. 6.596 gipuzkoarrek, parte hartzaileen %22,25, eman dute izena: 1.783 emakumek eta 4.813 gizonek. Horien artean donostiarrek osatuko dute multzorik handiena, 2.585 lagunekin. Irundarrak (477) eta tolosarrak (226) ere ugari izango dira. Antxintxikarien jatorriarekin jarraituz, azken urteetan moduan, multzo ugaria osatuko dute kataluniarrek, 6.201 lagun. 2022an, lehen aldiz, Behobia-Donostian izena eman zuten kataluniarren kopurua gipuzkoarrena baino handiagoa izan zen.
Antolatzaileek gogora ekarri dutenez, partaidetza altuena 2015. urtean eduki zuten, 34.000 lasterkarirekin. Gero, 2016ean, 31.276 lasterkaritara jetsi zen, eta harrezgero urtez urte jaitsi da partaidetza, harik eta 2019an berriro ere gora egin zuen arte, bigarren partaidetza altuena lortuz, 33.379 lasterkarirekin. "Pandemiak eragindako ziurgabetasunak eta murrizketek baldintzatuta", 2021. urteko lasterketan 25.379 lasterkari egon ziren. Iazko ediziotik aurrera lasterketaren partaidetza 30.000 lagunetara mugatzea erabaki zuen Fortuna Elkarteak, eta urte askoren ondoren azken bi urteetan itxaron zerrenda berriro martxan jarri behar izan dute.
Parte hartzaileen ia erdiek (%48) lehen aldia izango dute lasterketan, eta, batez besteko adina igo egin den arren, -berriro ere izen-emate gehien duen adin tartea 41-45 urtetakoa da- erreleboa izaten ari den zantzuak ikusi dituzte antolatzaileek. Emakumeetan, halaber, 27 eta 30 urteko adin tartea da nagusi. Orokorrean, lasterketa oraindik ere "osasuntsu" dagoela azpimarratu nahi izan dute.
Emakumeen parte hartzea urtez urte izaten ari den gorakadarena datu garrantzitsua dela nabarmendu dute antolatzaileek, inoizko handiena baita aurtengo emakumeen parte hartzea. 8.673 emakumek eman dute izena, %29,2ak.
Behobia-Donostia lasterketak dezenteko ahalegin eskatzen duen 21 kilometroko ibilbidea du, bi malda garrantzitsurekin: Gaintxurizketa gainera doana (7. kilometroan) eta Mirakruz Gainera doana (17. kilometroan). Horiez gain, hainbat igoera eta jaitsiera txikiago ere baditu, baina ahalegina kudeatzerakoan kontutan hartu beharrekoak. Orotara 192 metroko igoera du, aurreko ibilbideak zituen 164 metroekin alderatuta.
• Elgoibartarren eta mendaroarren partaidetza urtez-urte:
- 2022: 38 elgoibartar eta 9 mendaroar
- 2021: 37 elgoibartar eta 8 mendaroar
- 2020: *Bertan behera pandemiagatik
- 2019: 62 elgoibartar eta 14 mendaroar
- 2018: 56 elgoibartar eta 15 mendaroar
- 2017: 56 elgoibartar eta 18 mendaroar
- 2016: 70 elgoibartar eta 17 mendaroar
- 2015: 70 elgoibartar eta 21 mendaroar
- 2014: 84 elgoibartar eta 23 mendaroar
- 2013: 73 elgoibartar eta 24 mendaroar
- 2012: 79 elgoibartar eta 21 mendaroar
- 2011: 84 elgoibartar eta 21 mendaroar
- 2010: 74 elgoibartar eta 13 mendaroar
- 2009: 95 elgoibartar eta 7 mendaroar
- 2008: 100 elgoibartar eta 11 mendaroar
- 2007: 101 elgoibartar eta 8 mendaroar
- 2006: 101 elgoibartar eta 7 mendaroar