Joan den zapatuan jokatu zuten txapelketako bosgarren jardunaldia, azkenaurrekoa, Markina-Xemeingo Lauzirika Herri Bolatokixen. 72 bolarik hartu zuten parte eta etxeko bi bolari izan ziren onenak, MX3T taldeakoak biak. Launa txirlo bota zituzten Lander Odiaga irabazleak eta bigarren egin zuen Gaizka Plazak. Xabier Loiola elgoibartarra sailkatu zen hirugarren postuan, hiru txirlorekin.
Sailkapen nagusiari erreparatuta, lehen bost jardunaldietako emaitzak kontuan hartuta, Angel Ibarluzea dago lider, 22 txirlo botata. Asola Berri A taldeko Sergio Rodriguezek 17 ditu eta beste horrenbeste hirugarren dagoen Joseba Espillak (MX3T). Emakumezkoetan ere San Migel taldeko Aitziber Olaizola dago lehen postuan, 13 txirlorekin. Olatz Rodriguez dago bigarren, 12 txirlo botata; eta, Isana Gorosabel hirugarren, 11 txirlorekin.
Bikotekako eta taldekako sailkapenetan ere aurreneko postuetan ageri dira bolari elgoibartarrak. Taldekakoan San Migel A taldea dago aurreneko postuan, 78 punturekin. 74 ditu Asola Berri A taldeak eta 65 MX3T taldeak. Bikoteka Xabier Loiola eta Angel Ibarluzea daude sailkapen buru, 38 txirlo botata. Hamar txirlotako aldea dute bigarren dauden Bittor Astigarraga eta Bittor Ugarteburu bolari eibartarrekiko.
• Bola jokoa eta errekortatzaileak
Azken jardunaldi erabakigarria zapatu honetan, azaroaren 18an, jokatuko dute Lasturko bolatokian. Bola Jokorako Euskal Federazioak jardunaldi berezia prestatu du txapelketari amaiera emateko, Itziarko Auzo Udalarekin elkarlanean. Goizean jokatuko dute txapelketako azken jardunaldia eta eguerdian, 13:00etatik aurrera, errekortatzaileek erakustaldia emango dute Lasturko plazan, Albara ganadutegiko larrebehiekin. Jarraian, bazkaria egingo dute (erreserbak 943 199 033 zenbakian), eta eguna borobiltzeko, Euskal Herriko txapelketako sari banaketa egingo dute.
Euskal Herriko txapelketa sei jardunalditan jokatu dute aurten: Aramaio (urriak 7), Mallabia (urriak 21), Azkoitia (urriak 28), Aramaio (azaroak 4), Markina-Xemein (azaroak 4) eta Lastur (azaroak 18)
∞Lotura duten albisteak: