Angel Ibarluzearentzat lehen postua eta Aitziber Olaizolarentzak hirugarrena Euskal Herriko txapelketako lehen jardunaldian

Barren.eus 2023ko urr. 10a, 13:49

Joan den zapatuan hasi zuten Euskal Herriko 33. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa, Aramaioko Etxaguen auzoan jokatu zuten estreinako jardunaldiarekin.

Guztira 67 bolarik hartu zuten parte lehen tiraldian eta Angel Ibarluzeak eta Aitziber Olaizolak lortutako emaitzak nabarmendu behar dira. San Migel taldeko senar-emazteak gutxigatik ez zuen lortu lehen eta bigarren postuak eskuratzea. Ibarluzea gailendu zen egin zituen hiru tiraldietan zazpi txirlo botata. MX3T taldeko Iker Arizmendiarrieta sailkatu zen bigarren postuan, sei txirlorekin, eta Aitziber Olaizola sailkatu zen hirugarren postuan, sei txirlo botata honek ere. Taldeka San Migel taldea izan zen onena, 21 txirlorekin, MX3T eta UDA taldeek baino bat gehiago.

Ibarluzeak eta Olaizolak, biak ala biak dira Euskal Herriko txapeldun izanak. 31. ekitaldia irabazi zuen Olaizolak orain bi urte, eta hala emakumezko baten burura joan zen txapela estreinakoz. Ibarluzeak behin baino gehiagotan irabazi du txapelketa hau, 2018an azkenengoz. Aurten sasoi betean ekin diote lehiari.
 • Sei jardunaldi
Euskal Herriko txapelketak sei jardunaldi izango ditu aurtengoan. Bigarrengoa urriaren 21ean jokatuko dute Mallabiko Goita bolatokian. Hirugarren jardunaldia Azkoitiko Floreaga bolatokian jokatuko dute, urriaren 28an. Laugarren jardunaldian berriro ere Aramaiora itzuliko dira bolariak, baina Untzillako bolatokira. Azaroaren 4an izango da. Bosgarren jardunaldia azaroaren 11n jokatuko dute Markina-Xemeingo Lauzirikan eta seigarren eta azken jardunaldia Lasturgo bolatokian izango da. Jaurtialdi guztiak 17:00etan hasiko dituzte. Euskal Herriko Hiru Txirlo Txapelketan federatu direnak eta federatu gabeek parte hartu ahal izango dute, baina, txapelketarako puntuagarriak izango dira federatuen emaitzak. Sei jaurtialdietan txirlo gehien botatzen dituena izango da txapelduna.

Hona Aramaioko jaurtialdiko laburpen-bideoa, Goienak egina:

2023 10 07 hirutxirlo bolajokoa EH txap Aramaio

2023 10 10 3txirlo eh txap kartela 6kardunaldi