Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldeak Elgoibar aukeratu du denboraldiaurrea prestatzeko

Barren.eus 2023ko aza. 13a, 13:57

Laboral Kutxako emakumezkoen txirrindulari taldeak egin zuen moduan, Euskaltelek ere, Euskadi Fundazioaren gizonezkoen txirrindulari taldeak, Elgoibarren hasiko ditu denboraldi berrirako prestaketa lanak.

Euskadi fundazioak hiru talde izango ditu denboraldi honetan: Euskaltel Euskadi (UCI Pro Team mailan), Laboral Kutxa-Euskadi fundazioa (Emakumezkoen Kontinental maila) eta Laboral Kutxa (amateur maila). Eta, horietako bik, gutxienez, Elgoibarren hasiko dituzte denboraldi berrirako prestaketa lanak. Urriaren 24tik 27ra bitartean egon ziren Laboral Kutxakoak, eta antzerako bideorria jarraituko dute gizonezkoek.

UCI Pro Team mailan lehiatuko den Euskaltel-Euskadi taldea txirrindulari ia guztiekin etorriko da Elgoibarrera, eta 2024ko denboraldirako prestaketa lanak hasiko dituzte hemen, azaroaren 17ra bitartean egingo duten egonaldian. Jon Aberasturi, Nicolas Alustiza, Enekoitz Azparren, Ibai Azurmendi, Xabier Berasategi, Mikel Bizkarra, Iker Bonillo, Xavier Cañellas, Unai Cuadrado, Asier Etxeberria, Xabier Isasa, Mikel Iturria, Txomin Juaristi, Andoni López de Abetxuko, Gotzon Martín, Luis Ángel Maté, Iker Mintegi eta Unai Zubeldia izango dira egonaldian parte hartuko duten kideak. Joan Bou (Brasil) eta Victor de la Parte (Kolonbia) ez dira bertan izango. (hona taldekide guztiak)
 • Harrera ofiziala, martitzenean
Txirrindulari profesionalek hainbat jardueratan hartuko dute parte Elgoibarren egingo duten egonaldian. Emakumeen taldearekin egin zuen moduan, Elgoibarko Udalak harrera ofiziala egingo die martitzenean, 17:00etan, udaletxean. Ordu berean, Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari eskolakoek ginkana egingo dute plazan, bizikleta gaineko trebetasunetan trebatzeko.
 • Sallobentera joan-etorria bizikletaz
Eguaztenean, hilaren 17an, Euskalteleko txirrindulariek Sallobentera joan etorria egingo dute bizikletaz, Lagun Taldeko txirrindulariekin eta herriko ikastetxetako eskola umeekin batera. Kalegoen plazatik irtengo dira, 17:00etan.
 • Ikastetxeetara bisita
Barikuan, azaroaren 17an, Euskaltel taldeko txirrindulariek Herri Eskolako eta Elgoibar Ikastolako LH3 eta LH4 mailetako haurrei bisita egingo diete, 11:00etan, eta txirrindularien bizimodua ezagutzeko aukera izango dute neska-mutilek, joan den urrian emakumezko txirrindulariekin egin zuten era berean.
Aipaturiko jarduera publiko horiez gain, taldeak beste bilera eta ekintza batzuk egitea ere aurreikusita dauka, besteak beste, babesleekin.

2023 11 13 euskaltel euskadi txirrindularitza 1

∞Lotura duten albisteak: