Bandak lau pieza joko ditu Gorka Mujikak zuzenduko duen kontzertuan. Azken abestian hartuko du parte Serafin Zubirik, Nino Bravo abeslariaren abesti ezagunenen popurrian. Udal Musika Bandak domeketan ematen ditu kontzertuak, baina oraingoab zapatura aurreratzea erabaki dute, egun aldaketak nola funtzionatzen duen ikusteko. 13:00etan hasiko da emanaldia. Kontzertua eman aurretik, kalejiran ere irtengo dira, 10:30etik aurrera.
Era berean, kontzertuaren baitan jasoko du omenaldia Bandan 50 urte egin dituen Pedro Zapatak. Musikari beteranoekin batera hasiberriek ere izango dute lekua Santa Zeziliako kontzertu berezian, Bandara batu berri diren hiru musikari gazteri ongi-etorria egingo baitiete: Judith Araujo (saxofoia), Iker Aranburu (perkusioa) eta Beñat Zearsolo (tronpeta) dira musikari gazteok.
EGITARAUA
1.- CARMEN (Marcha del toreador)…….……………..…….G. Bizet
2.- 1.405 EL INCENDIO DE BERNA………………….……M. Bürki
3.- DANZON Nº 2 ……………………..…………….……A. Marquez
4.- NINO BRAVO MEDLEY…….………………….Arr. Iñaki Urkizu
• Hainbat musika ekitaldi, Santa Zezilia Egunaren harira
Azaroaren 22a da Santa Zezilia Eguna, eta horren harira, hainbat musika ekitaldi egin dituzte eta egingo dituzte asteon Elgoibarren eta Mendaron. Mendaron joan den asteburuan ospatu dute Santa Zezilia. Elgoibarren, atzo eta gaur Inazio Bereziartua musika eskolako talde instrumentalek kontzertua emango dute, Musika eskolako auditoriumean, 19:30ean. Hilaren 23an, bestalde, Betisua txarangak eta musika eskolako trikitilariek kalejira egingo dute, 17:30etik aurrera.
• Ikastolan ere, Santa Zezilia
Elgoibar Ikastolan ere ospatuko dute Santa Zezilia Eguna. Azaroaren 22an bertan irtengo dira Ikastolako ikasleak kalera, eta musikaz jantziko dute Maalako parkea. 10:00etan hasiko da emanaldia, HH5eko eta LH6ko ikasleen dantzaldiarekin. Aldapeko abestia kantatuko dute, eta Bizitza kantu bat abestia dantzatuko dute. Hortik aurrera mailaka irtengo dira oholtzara. LH1ekoek Kantu Koloreren 'Kask-kask' kantua dantzatuko dute, LH2koek Bulegoren 'Kantu bat', eta gero, 'Esna Zaitez' kanta eskainiko dute bi mailetako ikasleek batera. 11:00ak aldera irtengo dira oholtzara LH3koak batukada jotzera, eta segidan, Neomak taldearen 'Ilargi berriak' kanta dantzatuko dute LH4koek. Azkenik, LH5ekoek ETS eta Suneren 'Gu geu garena' abestia dantzatuko dute.