Korunahia eta Gaztenahia: gazteen kanturako nahiak sortuak

Barren.eus 2023ko aza. 24a, 19:11

Elgoibarko musika eskolan korua ere irakasten dute lehenengo eta bigarren mailan. Derrigorrezkoa da bi urte horietan, eta gero, aukerakoa. LH5etik DBH1era arte Korunahia egitasmoan parte hartzeko aukera dute umeek, eta DBH2tik aurrera, Gaztenahia koruan. Silvia Hernandez da musika eskolako koro irakaslea, eta aldi berean, berak zuzentzen ditu Korunahia eta Gaztenahia abesbatzak.

Astean behin biltzen dira entseguak egiteko, eta tarteka kontzertuak ere ematen dituzte. Bihar, esaterako, bi koruak elkarrekin arituko dira Maalako parkean, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunaren harira sortu duten 'Bizirik eta aske' abestia kantatzeko.

Goi mailako piano ikasketak egin zituen Silvia Hernandezek, eta ordutik musika alorrean egin du bere ibilbide profesionala. Orain dela zortzi bat urte iritsi zen Inazio Bereziartua musika eskolara, eta beste hainbat zereginen artean, abesbatza zuzentzeko ardura ere eman zioten. Ordura arte Iñaki Maidaganen arduran zegoen koroa. Flauta irakaslea zen, eta Arrasateko koruko zuzendaria. Silviak haren bidea jarraitu zuen, baina koroari beste ukitu bat emateko beharra somatu zuten musika eskolan, eta modernizatzea erabaki zuten.
Koroa derrigorrezkoa da musika eskolako lehenengo eta bigarren mailan, eta horrek badauka bere azalpena. Garai batean laugarren eta bosgarren mailan ematen zen abesbatza, baina konturatu ziren koroari esker umeek taldean lan egiten ikasten zutela, ahotsa lantzen zutela, zuzendariari segitzen ikasten zutela eta hori txikitatik ikastea aberasgarriagoa zela beraientzat; horregatik aldatu zuten. Baina derrigorrezko bi urte horiek egin ondoren, etena zegoen Elgoibarren. Garai batean egon zen Itxaropena Abesbatza, baina hura ere desagertu zen eta gaur egun Parrokiako Abesbatza bakarrik dago martxan.
Beraz, koruan abesten jarraitu nahi zuten ume zein nerabeek ez zeukaten horretarako aukerarik. Gehienek derrigorrezko bi urte horien ondoren lagatzen bazuten ere, koruan jarraitu nahi zuten gazte batzuk hurreratu zitzaizkion Silviari. "Hura izan zen koruari beste ukitu hori emateko momentua, eta Koru Nagusia izeneko talde bat sortu genuen". Kantuz sortu, kantuz bizi proiektua jarri zuten martxan. Alexander Lesbordes (Frantzia, 1912-1969) musikariaren Kantuz abestitik hartu zuten leloa, eta kamisetak ere atera zituzten: "Umeek jaiotzean egiten duten negarra kantu ederra izaten da, eta kantuan bizi daitezen, abesbatzak indartzeko apostua egin nahi izan genuen". Ume batzuk nagusitzen zihoazen, eta atzetik sartzen ziren berriak, beraz, adin tartearen arabera, bi talde bereiztu zituzten iaz: Korunahia (LH5etik DBH1era artekoentzat) eta Gaztenahia (DBH2tik aurrerakoentzat). Korunahian 30 bat ume daude aurten, eta hori izango da Gaztenahiaren harrobia.
Gaztenahian 11 gazte daude: "Gutxi gara, baina oso pozik gabiltza eta oso ondo egiten dugu lan. Abestiak hiru ahotsetan abesten ditugu, eta sekulako lana egiten dute". Hasieran ume gutxi batzuk zeuden, baina pixkanaka-pixkanaka jendea batu zitzaien, eta denborarekin taldea sendotuz joan zen. Gaur egun 40 umetik gora ari dira koruan parte hartzen.

 

2023 11 24 gaztenahia korua BARREN

2023 11 21 korunahia korua inazio bereziartua entsegua 1 BARREN

2023 11 21 korunahia korua inazio bereziartua entsegua BARREN