'Bizirik eta aske' abestiaren doinupean dator aurten Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna Elgoibarren

Barren.eus 2023ko urr. 27a, 08:42

Azaroaren 25ean izaten da Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna, eta horren harira, hilabere osorako egitaraua prestatu du Elgoibarko Udalak, herriko hainbat eragile eta sortzailerekin elkarlanean. Aurten, soinu banda ere jarri diote egunari: Bizirik eta aske abestia sortu dute, eta azaroaren 25ean aurkeztuko dute kanta jendaurrean. 

 Elgoibarko Udalak, Lila Emakumeen Etxearekin batera, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunaren bueltako programazioa prestatu du, herriko sortzaile eta eragileekin batera. Guztira 13 jarduera antolatu dituzte, eta horien artean, elkarretaratzea eta manifestazioa egingo dituzte azaroaren 25ean bertan. Berrikuntza nabarmenena Azaroaren 25aren harira sortu duten abestia izan da. Elgoibarko Udaleko Berdintasun Sailaren eta Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolaren arteko lankidetzaren emaitza izan da abesti hau. Proiektu honek bertako musikari eta abeslari ugari bildu ditu eta Vivir Quintana mexikar konpositorearen Canción sin miedo abestia moldatu zuten, Bizirik eta Aske bihurtuz. Emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko mezu indartsua dauka abestiak, eta kantaren bidez zabaldu nahi dute mezu hori. Aitor Nova eta Silvia Hernandez izan dira kantuaren zuzendariak, eta musika eskolako musikariekin eta koruko abeslariekin osatu dute. Kanta publiko dago iada, eta azaroaren 25ean bertan jendaurrean aurkeztuko dute, zuzenean. Elkarretaratzea egingo dute 20:00etan Kalegoen plazan, eta segidan manifestazioa egongo da, Maalaraino. Han aurkeztuko dute kantua, eta ondoren Alarma Morea taldeak kontzertua emango du. 

Abestiaz gain, 'Ez zaude bakarrik' izeneko liburuxka ere argitaratu dute, genero indarkeriaren biktima izan diren emakumezkoen testigantzekin. Liburuxa horren azaleko ilustrazioa Janire de Gabriel elgoibartarrak egin du. Elgoibarko bigarren hezkuntzako ikasleen artean 300 liburuxka banatuko dira, indarkeria matxista mota desberdinei buruz hausnartzeko tresna gisa erabiltzeko asmoz. Horrez gain, 'Inesa Gaxen; sorgin ausart baten istorioa' liburua aurkeztuko dute. XVII. mendean,  Inkisiziotik ihes egitea lortu zuen Inesa Gaxenek, Nafarroa Beherean jaiotako emakumeak. Haren istorioa jaso du Olaia Irigoien elgoibartarrak, eta 6-8 urte arteko umeentzako ipuin ilustratua argitaratu du. Eñaut Elorrietak ere pertsonaia horri buruzko kanta bat dauka, Uxue Alberdik idatzitako letrarekin. Lilan aurkeztuko dute liburua, azaroaren 11n. 

Azaroaren 10etik 26ra izango dira ekintzak, eta, besteak beste, erakusketak, solasaldiak, hitzaldiak, filmak, tailerrak eta hausnarketa-saioak izango dira.  Jarraian duzue programazio osoa. 

  • Azaroaren 10etik 26ra: Erakusketa: "INDARKERIAK, EMAKUMEAK, GERRAK". Gervasio Sánchez. Euskal Fondoa. 18:30etik 20:30era, Kultur Etxeko erakusketa aretoan.
  •  Azaroak 10: ZAZPIGARREN ARTEARI BURUZKO KAFE TERTULIA. 18:30ean, Lilan.
  • Azaroak 11: INESA GAXEN ETA EUSKARAZKO HAUR-LITERATURA. Liburuaren aurkezpena eta ipuin kontaketa laburra umeentzat. Olaia Irigoien, Uxue Alberdi eta Sara Arriola. 12:00etan, Lilan (euskaraz).
  • Azaroak 16: Hitzaldia: "LEGEA BAIEZKOA DA". Sheila Melcon López, psikologoa, SORTZEN aholkularitza. 18:00etatik 20:00etara, Lilan.
  • Azaroak 18: Ahalduntze saioa. "NIRE ONGIZATEA INDARTUZ". Merlin Medina. 16:00etatik 18:00etara, Lilan.
  • Azaroak 21: Dokumentala: "SUSTRAIAK". Zuzendariak: Ander Beizama eta Ander Espallargas. 18:30ean, Lilan (euskaraz).
  • Azaroak 22: Ipuin kontalaria: "80 AMANDRE". Dorleta Kortazar. 19:00-20:00 (HELDUENTZAT), liburutegian. Antolatzailea: Gotzon Garate Udal liburutegia.
  • Filma: "LAS BUENAS COMPAÑIAS" 21:00etan, Herriko Antzokian, Ongarrirekin elkarlanean.
  • Azaroa 24: Antzerkia: "AMARAUN." 19:00etan, Herriko Antzokian.

Azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna

  • Tailerra: AUTODEFENTSA EMAKUMEENTZAT. 9:30etik 12:30era, Olaizaga kiroldegian.
  • KONTZENTRAZIOA EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNEAN. 20:00etan, Kalegoen plazan. Jarraian manifestazioa Kalegoen plazatik Maalako parkeraino. Ondoren, "BIZIRIK ETA ASKE" abestiaren aurkezpen ekitaldia, Maalako parkean. Gonbitea luzatzen da jendeari kantua ikasi eta ekitaldian bertan danok batera kantatzeko. Ondoren, ALARMA MOREA taldearen kontzertua Maalako parkean.

 

  •  Azaroak 27: Gogoeta saioa: "BEHIN BAZEN NESKA BAT INDARKERIARIK GABE", Loredi Salegi. 18:00etatik 20:00etara (elebitan), Lilan. Emakumeentzat.