Mendaron eguerdian egin zituzten mobilizazioak eta iluntzean izan ziren Elgoibarkoak. Kalegoen plazan batu ziren elgoibartarrak, Andoni Bastarrika artista azpeitiarrak hondarrarekin bezperan egin zuen eskulturaren bueltan (ikus bideoan). Bastarrikak etzanda dagoen emakumea irudikatu zuen, eta argiekin 52 zenbakia osatu zuten eskulturaren ondoan, aurten espainiar estatuan indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeen kopurua, Berdintasun Ministerioaren zifra ofizialen arabera. Aurten, orain arte, bi emakume hil dituzte Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian bikoteak edo bikotekideak: Maiatzaren 16an, Lourdes del Hoyo 50 urteko emakumea hil zuen bikotekide ohiak Orion, eta bere buruaz beste egin zuen gero. Maiatzaren 28an, berriz, Maialen Mazon 32 urteko emakumea hil zuen Gasteizen bikotekide ohiak. Gaur egun, 5.616 emakumek dute Ertzaintzaren babesa: 2.738k Bizkaian, 2.010ek Gipuzkoan eta 858k Araban.
Uluka Batukakoek hasi zuten atzoko ekitaldia eta hainbat ordezkarik hartu zuten gero hitza, Ulukako eta Haizeako kideek, eta ikasleek, besteak beste. Gero, manifestazioan zeharkatu zituzten herriko kaleak. Maalako parkean amaitu zen manifestazioa, han zain baitzeuden musika eskolako koruak, 'Bizirik eta aske' abestia kantatzeko. Maalako parkea jendez gainezka zegoela abestu zuten Vivir Quintana mexikar konpositorearen 'Canción sin miedo' abestiaren moldaketa den kantua. Emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko mezu indartsua dauka abestiak, eta kantaren bidez zabaldu zuten mezu hori. Aitor Nova eta Silvia Hernandez izan dira kantuaren zuzendariak, eta musika eskolako musikariekin eta koruko abeslariekin osatu dute. Estudioan grabatu zuten lehenik, eta estreinakoz jendaurrean aurkeztu zute atzo.
Alarma Morea euskal rumba eta flamenco taldearen zuzeneko emanaldiarekin amaitu zen ekitaldia. Nerea Dual Jimenezek eta Uxue eta Ainhoa Plagaro Bermudez ahizpek osatutako hirukoteak musikaz gozatzeaz gain kontzientzia feminista sustatzea du helburu, eta sariak ere irabazi dituzte Durangoko musika feminista lehiaketan.
- ARGAZKI-BILDUMA: Azaroak 25 Elgoibarren