Zaporeak elkartearen aldeko ‘Igeriketa erronka solidarioa’ egingo dute abenduaren 2an

Barren.eus 2023ko aza. 28a, 10:42

Elgoibar Igeriketa Taldeak ‘Igeriketa erronka solidarioa’ antolatu du Udal Kirol Patronatuaren laguntzarekin abenduaren 2rako, eta batzen duten diru guztia irabazi asmo gabeko Zaporeak elkarteari emango diote.

 Zaporeak Europara ailegatzen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien irabazi asmo gabeko elkartea da. Egun, Grezian dauden errefuxiatu esparruetan janaria prestatzen dute harrapatuta dauden pertsona zaurgarrienen bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin.

Parte hartzeko interesa duten herritar guztiei irekia dela azaldu dute antolatzaileek. "Norbaitek 100 metro bakarrik igerian egin nahi baditu ere, ongietorria izango da, etortzera animatu nahi ditugu herritarrak". Igerilekura joaten diren erabiltzaile guztien artean igerian zenbat metro egiten dituzten zenbatuko dute antolatzaileek. Denen artean ahalik eta metro gehien igerian egitea izango da erronka solidarioaren helburua. 10:00etatik 13:00etara egingo dute elkartasun erronka Olaizaga kiroldegiko igerilekuan.

Arratsalderako, berriz, igeriketa eskolako umeen erakustaldia prestatuko dute, 17:00etatik 19:00etara.

Iaz Nuala Elkartearen aldekoa izan zen erronka solidarioa eta 84.000 metro egin zituzten igerian, guztien artean. Edo beste era batera esanda, 3.360 luze osatu zituzten Olaizagako igerileku berrian. Ekimenarekin bat egin zuten herritarrek 340,40 euro eman zituzten Nuala elkartearentzat.

2023 11 28 Igeriketa Erronka Erakustaldia Abenduak 2

∞ Lotura duten albisteak: