Igeriketa Erronka Solidarioa ekimenean parte hartu zuten lagunek 84.000 metro egin zituzten igerian, guztien artean. Edo beste era batera esanda, 3.360 luze osatu zituzten Olaizagako igerileku berrian. Ekimenarekin bat egin zuten herritarrek 340,40 euro eman zituzten Nuala elkartearentzat, eta elkarteko kideek jaso dute dagoeneko batutako diru hori. Elgoibarko alkate Ane Beitia eta Iñigo Loiola kirol zinegotziaren eskutik eta Elgoibarko Igeriketa Taldeko presidente Joxean Aguirreren eskutik jaso zuten dirua, Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak eta Elgoibarko Igeriketa Taldeak antolatu baitute erronka solidarioa, elkarlanean.
Nuala elkarteak eskerrak eman dizkie igerian egin zuten lagun guztiei eta dirua eman zutenei eta antolatzaileentzat ere esker oneko berbak izan dituzte: "Eskerrikasko Igeriketa taldeari, kiroldegiari, eta Elgoibarko Udalari gutaz gogoratzearren, eta egin duten langatik", adierazi dute.
Ateak irekitzeko jardunaldia izan zen zapatukoa Olaizaga kiroldegian, eta jardunaldi horren barruan egin zuten erronka solidarioa, aratsaldean. Goizean umeak jolasean ibiltzeko puzgarriak egon ziren igerileku handian eta uretan ibiltzeko kanoekin gozatu zuten txikienek igerileki txikian.
∞ Lotura duten albisteak:
- Aspanogi elkarteari eman dizkiote Elgoibarko Kirol Solidarioa ekimenarekin batutako 2.000 euroak (2019-12-23)
- Aspanogirentzako dirua batuko dute Elgoibarko Kirol Solidarioa elkartasun ekimenean (2019-12-12)
- 107 igerilarik 153 kilometro osatu zituzten Fibrosi Kistikoaz gaixo daudenen alde (2018-12-18)
- 'Fibrosi kistikoaren alde igerian' elkartasun ekitaldia egingo dute Olaizaga kiroldegian zapatuan (2018-12-10)