Queen taldeari gorazarre egiteko gauak emozioz bete du Maala

Barren.eus 2023ko eka. 10a, 12:16

Maalako parkeak Wenbley txiki bat zirudien bart gauean. Queen talde ezagunaren abestiak jo zituzten Elgoibarko Udal Musika Bandak eta herriko zenbait musikarik, eta gau handietako giroa sumatu zitekeen. Jon Gurrutxaga izan zen gure Freddie Mercury, eta Patxi Zabaleta Brian May.

Andoni Mujikak (baxua) eta Silvia Hernandezek (pianoa) osatu zuten Queen Gauan parte hartu zuten herriko musikarien taldea, eta guztien gidari Gorka Mujika bandako zuzendaria. Bandak bakarrik jo zituen lehen bi abestiak, eta horien ostean igo zen eszenatoki gainera Jon Gurrutxaga, txalo artean. Queen taldearen abestiak Gurrutxagaren ahotsean entzuteko irrikaz zeuden Maalan batutako herritarrak. Adin guztietako lagunez gainezka zegoen parkea. Asko falta zuen Wenbley izateko, Queenek 1985an bere kontzertu gogoangarrietakoa eman zuen estadioa, baina Maalan batutakoek ere puskatean gogoan izango dute bizitakoa. Musikari guztien artean emozioz bete baitzuten Maala. Abestiak baino ereserkiak dira Queenen abesti mordoa, ezagunak Queen zale ez direntzat ere. Guztira 13 pieza jo zituzten gau batez rock izarren azalean egoteko aukera izan zuten musikariek, mitikoenak tartean: “Under Pressure”, “We Will Rock You”, “Another One Bites the Dust”, “We Are The Champions”...

Gurrutxagak Bandarekin kantuan egin duen hirugarren kolaborazioa izan da honakoa, eta begiak itxita onartu zuen eskaera izan dela aitortu zuen kontzertu amaieran, ezetzik eman ezin zaion karamelo goxoa dela-eta. Bandakoei eskerrak eman eta hurrengo deiari baietza emateko prest dagoela ere esan zien amaieran, guztien aurrean.

 

2023 06 09 QUEEN gaua maalan Elgoibar udal musika banda BARREN

2023 06 09 QUEEN gaua maalan Elgoibar udal musika banda BARREN 1

2023 06 09 QUEEN gaua maalan Elgoibar udal musika banda jongurru BARREN

2023 06 09 QUEEN gaua maalan Elgoibar udal musika banda BARREN ikus

2023 06 09 QUEEN gaua maalan musikariak agurra BARREN

∞Lotura duten albisteak: