Zaintza sistema publiko eta komunitarioa gauzatzeko unea dela aldarrikatu dute greba feministan

Barren.eus 2023ko abe. 1a, 12:05

Manifestazio jendetsuarekin amaitu zituzten atzo Elgoibarren greba feminista orokorraren harira antolatutako ekitaldiak.

Greba deialdiaren harira sortutako Bizitzak Erdigunean taldeak prestatutako egitarauari goizean eman diote hasiera Elgoibarren, herriko zaintza guneetan egin zituzten pikete informatiboekin, 11:00etan Maalan egin duten kafe tertuliarekin eta eguerdian egin duten kalejira aldarrikatzailearekin.

"Pertsona guztiek bizi osoan askatasunez eta konpromisoz zaintza eskaintzeko eta jasotzeko duten eskubidearen alde" egin dute Euskal Herriko lehenengo greba feminista orokorra.

Euskal Herriko mugimendu feministak eta hainbat eragilek eta sindikatuk adostutako akordioan jaso dituzten aldarrikapenak jendartean zabaldu eta ezagutzera ematea zen greba deialdiaren helburu nagusietako bat. Zehazki, 23 dira greba feminista orokorrera eraman dituzten aldarrikapenak: hamazortzi epe laburrerako, eta bost, epe luzerako.

Epe laburrerako aldarrikapen batzuk dira zaintza sektoreko beharginen lan baldintzak duintzea, zaintza zerbitzuen pribatizazioa amaitzea, pentsio duinak ezartzea eta Atzerritarren Legea bertan behera lagatzea.

Beste aldetik, luzera begiratu behar dela aldarrikatzen dute, eta "sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gaindituko dituen" sistema sozial bat imajinatu eta definitu. Luzera begira, zaintza sistema publiko-komunitarioa garatzea aldarrikatu dute, eta horrekin batera lanaren banaketa sexual eta arrazistarekin amaitu beharra dagoela diote. Izan ere, greba ez dela prozesuaren amaiera laga nahi dute argi, zaintzen krisia erdigunera eramateko garaia baizik.

 

2023 11 30 manifestazioa greba feminista BARREN 2