Andres Alberdi: “Euskararen benetako erronka arauena baino gehiago kontzientziazioarena da gaur”

Barren.eus 2023ko abe. 1a, 15:11

2022ko azaroaren 26an izendatu zuten euskaltzain oso Andres Alberdi (Getaria, 1950), eta zapatuan Euskaltzaindiko sarrera-hitzaldia egin zuen, Getariako udaletxean. Bere mintzaldian, arauekin izan duen bizipen pertsonalez eta harremanez jardun zuen, bi partetan.

Lehenengo partean, historiari erreparatu zion, historia objetiboari eta historia pertsonalari, eta bigarren partean, iragana eta etorkizuna lotu zituen, euskararen eta arauen gaineko kezka eta gogoeta batzuk utziz hausnarketarako. Ekitaldi ofizial batek izan ohi dituen osagai guztiak izan zituen ekitaldiak, eta besteak beste Getariako Salbatore abesbatzak, bere alaba Uxue Alberdik eta Eñaut Elorrieta musikariek parte hartu zuten ekitaldian.

 • 'Ametsik ederrenean ere ez zitzaidan agertu sekula halako irudirik' esan duzu zapatukoaz.
Euskaltzain-kideak, senideak, lagunak, lankideak... izugarria zen irudia. Hegan bezala sentitzen naiz oraindik. Ekitaldian, dar-dar sumatzen nituen belaun-koskorrak, baina asmatu nuen behintzat prestatutako testua irakurtzen. Larunbatekoagatik eskerrak eman nahi dizkiot Getariako Udalari eskatutako dena eta gehiago ere jarri zuelako ekitaldirako. Aitortu behar dut zalantza ere egin nuela sarrera-hitzaldia Getarian edo Elgoibarren egin, nire burua getariartzat dudan arren, 50 urte egin ditudalako Elgoibarren eta hemen egindako irakasle lanaren ondorio delako neurri handi batean hau, baina azkenean Getarian egitea erabaki nuen.

 • Atzera egingo dugu. Euskara bizitza sozialean indar betean zegoen herrian jaio zinen, baina euskal kontzientzia filosofiako ikasketak egiten ari zinela erne zitzaizula irakurri dugu zure ibilbideaz Euskaldintzaindiak egindako laburpenean.
Beste mundurik zegoenik ere ez genekien guk umetan. Modu naturalean bizi genuen euskara Getarian; euskara bizi-bizia genuen. Hala ere, ez genekien euskarak gramatika bat zuenik, ez genekien arauak zituenik. Getarian apaiz zegoen Mikel Zuazabeitiak eman zidan lehen gramatika ikasbidea, 8 bat urte nituela. 11 urterekin Saturrarango seminariora joan nintzen gero, eta euskal kontzientzia areagotu egin zitzaidan han; identifikazio modu bat hasi ginen ustekabean hartzen. Zortekoak izan ginen frankismoaren gordinean bizi izan arren, euskal komunitate bateko partaide sentiarazi gintuztelako han. Guk ez genekien orduan, baina han bazen irakasle talde bat guregan euskararen aldeko grina erein zuena. Hantxe ezagutu nuen Joan Mari Lekuona eta hark irakatsi zigun hizkuntza bat ondo ikasteko, hizkuntza horren arimara iritsi beharra dagoela. Donostiako seminarioan izan nintzen gero eta han ere euskal giroa nagusitzen zen. 17-18 bat urterekin hartu nuen euskaldun izatearen kontzientzia benetakoa, baina ez zen izan zerbait pertsonala. Beste ikaskide asko neuzkan planteamendu berdinekin, eta hala hasi ginen ordura arte natural-naturala zitzaigun hori motibazio politiko batekin kateatzen.

 • Euskararen eta euskal literaturaren irakaskuntzarekin lotuta dago zure ibilbide profesional eta akademikoa. Elgoibarko ikastolan hasi zinen lanean, 1973an, baina gerora institutuan egin zenituen urteek dute bereziki garrantzia zure ibilbidean. Ez genekien institutuan hasteko erabakia ez zela pertsonala bakarrik izan.
23 urte bete berri hasi nintzen Elgoibarko ikastolan lanean eta 1980. urtera arte aritu nintzen han. Garai hartan ikastolaren bidea Lehen Hezkuntzara mugatua zegoen, eta gero ikasleek ez zuten bailaran ikasketak euskaraz jarraitzerik. Donostian-eta lizeoak sortzen hasiak ziren Bigarren Hezkuntza euskaraz emateko, baina Elgoibarren ikastolaren eraikin berria egiten ari ginen sasoi hartan eta aurrekonturik ez geneukan beste ezertan hasteko. Eibarren ere halatsu zebiltzan, eta hala, bailarako ikastoletan erabaki genuen onena irakasle lizentziadun talde bat oposizioetarako prestatzea izango zela, hartara institutuan lanean hasi eta barrutik euskalduntzeko. Enrike Larrañaga zen orduan institutuko zuzendaria eta Pello Arrieta zegoen idazkari. Haiekin hitz eginda hartu genuen bide hori; erabaki estrategikoa izan zen.
Aitzindari izatea egokitu zitzaigun guri. Beharrak eraginda eman genuen pausoa eta beharrak eraginda aritu ginen testuliburuak sortzen ere. Hala hasi ginen institutuan, eta hamar urtean lortu genuen ordura arte erabat erdalduna zen erakundea euskalduntzea. Beste kontu bat da orain nola dagoen, baina ez da hori Institutuko kontua bakarrik. Kontestua erabat aldatu da eskoletan, eta inork ez dauka kulparik. Gaur egun, erdarak itota bizi gara, eta bizi dira batez ere umeak, eta mundu koloretsua, berria, dinamikoa ez dator euskaraz. Euskara berritu beharra daukagu derrigor, mundu berrirako.

 • Eta zer itxura hartzen diozu orain euskararen auziari?
Zaila ikusten dut. Eskaintzen zaigun mundua oso mundu indibidualista da eta guk herri modura jokatu behar dugu. Hemen zerbaitek funtzionatu badu, auzolanean egindakoak izan da. Ikastolak sortu zirenean bazegoen helburu politiko bat hizkuntzarekin lotutakoa, baina bazegoen gauzak auzolanean egiteko ohitura ere. Elgoibarren, jendea papera biltzen ibiltzen zen astero, etxez etxe, Aubixa aterpetxea sortzeko. Gaur egun hori pentsaezina da. Formularik ez daukat, baina bai derrigor hartu beharreko pastilla bat: ezin dugu ahaztu euskaldunak garela eta militante izatea tokatuko zaigula beti. Herri txikia gara, indar gutxi daukagu eta ez digute lagako gure nortasun hori erakusten. Beraz, antortxa hori guk mantentzen ez badugu piztuta, jai daukagu, eta itzaltzen ari zaigu. Euskaldun izatearen kontzientzia kolektiboa galtzen ari da.

ELKARRIZKETA osorik BARREN astekariko 1308. zenbakian -PDF-

 

2023 12 01 andres alberdi BARREN 1