Araua zaintzearen ofizioaz aritu da Andres Alberdi Euskaltzaindiko sarrera-hitzaldian

Barren.eus 2023ko aza. 27a, 18:46

Euskaltzaindiak 2022ko azaroaren 26an izendatu zuen euskaltzain oso Andres Alberdi Gorostiaga hizkuntzalaria (Getaria,1950), eta Akademiaren barne-arauek xedatzen dutenari jarraikiz, sarrera-hitzaldia irakurri zuen sorterrian, Getarian, joan den zapatuan.

Salbatore abesbatzak ireki zuen udaletxean egin zuten ekitaldia, eta atarikoaren ostean hasi zuten ekitaldi instituzionala, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Haritz Alberdi Getariako alkateak bertaratutakoei eginiko ongietorriarekin. Ekitaldiotan ohikoa den legez, sarrera-hitzaldia irakurri zuen gero Andres Alberdik. Eguneko protagonisa harrituta agertu zen herrikide, euskaltzain eta erakundeetako ordezkarien aurrean (“ametsik ederrenean ere inoiz ez zitzaidan agertu gaur eguerdiko imajina hau”), eta gero lotsa puntu bat ere bazuela aitortu zuen: “Pentsatu nahi dut, nire merezimendu pertsonalak baino areago, nire izenean, eskoletako maisu-andereñoen eguneroko afana eta ekina saritzen direla nire izendapenarekin”. Ekitaldia non egin ere izan da bere buruhausteetako bat; bada, berak argitu duen moduan, “neure burua getariar petotzat aitortu arren edonon, ez ditut alferrik eman nire bizitzako 50 urte Elgoibarren”. Elgoibartik joandako hainbat lagun batu ziren Getariako udaletxean.

Ondoko berbak Euskaltzaindian ordezkatzen duenarentzat izan ziren, hots, Andoni Sagarna euskaltzain emerituarentzat. Bera moduan Urola kosta eskualdean jaiotako euskaltzainak ere gogoan izan zituen, hala nola Bonifazio Etxegarai, Julene Azpeitia, Salbatore Mitxelena, Karmele Esnal, Iñaki Beobide, Antonio Campos, Anjel Lertxundi, Andoni Egaña, Mikel Lasa eta Kaxildo Alkorta. Den-denak gogoratu eta goratu zituen berbaldian irakasle eta hizkuntzalari getariarrak.

Segidan, hitzaldiaren mamiari heldu zion Alberdik, eta Arauen itsasoan barna uger egiten ausartu zen. Honela, arauekin izan duen bizipen pertsonalez eta harremanez berba egin zuen mintzaldiaren lehen partean, arauak baitira getariarraren bizitzako ardatzetako bat, bere alaba Uxue Alberdik liburu batean gogoratu zion moduan: “Gramatika du aitak ezinegonari aurre egiteko modua, araua zaintzea du ofizio, seguru sentitzen da sintagmaren barruan”. Ofizio eta afizio, eta hitzaldian horri eutsi dio, fin-fin, urte askotan irakaskuntzan eta testugintzan bildutako pentsamenduak, asmoak, bizikizunak, itxaropenak, aukerak, ilusioak eta frustrazioak aletu zituen herrikideen aurrean.
Eta bizipenen errepasoa bere jaioterrian hasi behar, jakina: “Euskararen unibertsoa ageri zait nondik-nahi hartaz (Getariaz) gogoratzean; izan ere, modu naturalean bizi genuen Getarian euskara. Eta euskara bizi-bizia, espontaneoa, trabarik gabea genuen ezpainetan”. Testuinguru horretan hasi zen Alberdi gaztea euskararen arauen bere “balio-mapa pertsonala” eraikitzen. Gogora ekarri zuen bere lehenengo gramatika-ikasbidea (Mikel Zuazabeitia abadeak emana), eta zortzi urterekin konturatu zen euskarak ere bazuela gramatika bat, bazituela arauak. Saturrarango seminarioan emandako 11 urteak ere gogoratu zituen, damu barik: “Alderantziz: zorte hitza da erabili beharko nukeena, zeren frankismoaren gordinean bizi izan arren, euskal komunitate bateko partaide sentiarazi baikintuzten han”. Honela, euskaraz oso gazterik alfabetatzeko parada izan zuen Alberdik, Joan Mari Lekuonaren itzalpean (“Bide-erakusle aparta izan zen guretzat”) eta José Zabala-Aranaren Gramática Vasca ikasliburua oinarri. Baina bestelako kontu bat ere ikasi zuen, oso garrantzitsua: “Hizkuntza bat ondo ikasteko, hizkuntza horren arimara iritsi beharra dagoela, eta arima hori herri-literaturan dagoela batik bat”.

Informazio osoagoa: euskaltzaindia.eus

 

 2023 11 27 andres alberdi euskaltzain sarrera hitzaldia I larra

2023 11 27 andres alberdi euskaltzain sarrera hitzaldia uxue enaut I larra

2023 11 27 andres alberdi euskaltzain sarrera hitzaldia I larra 1

2023 11 25 euskaltzaindia andres alberdi erakundeetako ordezkariak

2023 11 27 andres alberdi euskaltzain sarrera hitzaldia fam I larra

2023 11 27 andres alberdi euskaltzain sarrera hitzaldia I larra dantza