2024 denboraldira begira doitze lanak aspaldi hasiak dituzten arren, lan karga handitzeko eta elkar hobeto ezagutzeko egon dira kontzentratuta Lokatzak dituen kadete mutilen taldeak eta emakumeen taldea.
Egunero hiru entrenamendu saio egiten aritu dira kontzentratuta egon diren bost egunetan, baina beste hainbat ekintza ere egin dituzte, besteak beste, mendi itzuliak, igeriketa saioak, pala partidak eta gimnasia saioak. Gaitasun fisikoak lantzeaz gainera, tailerretan zein hitzaldietan hartu dute parte, eta askotariko gaiak landu dituzte horietan: elikadura, taktika, teknologia berriak, inteligentzia emozionala, literatura, e.a.
Elkarbizitza egun "trinkoak" izan direla azaldu dute taldetik. Talde ezberdinetako txirrindularien eta entrenatzaileen arteko hartu emana sendotu, 2024rako egutegia planifikatu eta bakoitzaren helburuak finkatzeko egunak izan direla argitu dute.
Emakumeen txirrindularitzari bultzada emateko asmoz, Deba bailarako emakume txirrindulariak talde bakar batean batu dituzte, Bergarako Lokatza Ziklismo Eskola barruko Igamo Packaing taldean, hain zuzen ere, eta aurten batu da taldera Aroa Saez gazte elgoibartarra.