Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da otsailaren 11, eta horren harira, Elgoibarko dendetako erakusleihoak emakume zientzialarien erreferentziekin apaintzera deitu dute Elgoibarko Udalak, Elhuyarrekin, Ane Arte tailerrak eta Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, otsailaren 1etik 18rako.
Sektore guztietako saltoki eta zerbitzuek parte hartu ahal izango dute ekimenean, betiere erakusleiho bat badute.
Parte hartzeko izena eman behar da honako esteka honetan sartuta: https://labur.eus/GHSEO11 .Abenduaren 14a izango da azken eguna. Abenduaren 15ean esleituko dituzte ikertzaileak, eta urtarrilaren 30ean erakusleihoak prest egon beharko du.
• Kanpainaren funtzionamendua
Ekimenean parte hartuko duen saltoki bakoitzari emakume zientzialari bat proposatuko diote eta haren ikerketa inspirazio gisa hartuta apaindu beharko dute erakusleihoa. Apaintze lan horretan, saltokiek Ane Arte tailerraren laguntza izango dute.
Kanpaina hau, 011 erakusleihoak, 2019an jarri zuten martxan estreinakoz eskolaz kanpoko ekimen baten barruan, gazteak zientzia eta teknologiako proiektuak gara zitzaten. Euskal Herriko gazteentzako ikerketa zentroen sarea denez, beste hainbat herritako saltokiek ere bat egingo dute 'O11 erakusleihoak' ekimenarekin. Estatu mailan ere ospatzen da, ‘Escaparates 11-F' izenarekin.
Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak nabarmendu duenez, proiektua gero eta zabalagoa da, eta STEAM eremuan herriko haurrekin lan egiteaz gain, erreferenteak ere sortzen dituzte kolektibo horrentzat. "Horregatik, proiektu zabal honetan gure kolaboratzaile nagusiak STEM munduko emakume profesionalak dira, Elgoibarren lan egiten dutenak edo herrikoak direnak", adierazi du. Hori dela eta, Udalak "Gu Herriko STEM EMakumeak" izeneko marka berria sortu zuen iaz, eta esparru horren barruan hainbat ekintza antolatuko dituzte STEAM prestakuntza sustatzeko, besteak beste, beteranoena den ekimena: Bizilabe.
• Web orria
'O11 erakusleihoak' izeneko gunea ere badago, non denda parte-hartzaileen zerrenda eta erakusleihoen argazkiak jasoko dituzte. Ondorengo loturan, herri bakoitzean klik eginez, iazk parte hartu zuten saltokiak ikus daitezke: https://bizilabe.elhuyar.eus/eu/otsailak-11/2022/saltoki-parte-hartzaileak/elgoibarko-saltokiak
Informazio osoagoa: berdintasuna@elgoibar.eus / miriam@elgoibar.eus/943 741 050.
∞Lotura duten albisteak:
- Inauguratu dute 'Gu herriko stem emakumeak' erakusketa (2023-03-01)
- Hamabi emakume zientzialariren inguruko ilustrazioak eta informazioa, Elgoibarko erakusleihoetan (2023-02-28)