Jon Larrañagak Gipuzkoako txapelari eutsi dio

Barren.eus 2023ko abe. 12a, 12:50

Joan den zubian bi txapelketetan lehiatu dira lokotx batzen aritzen diren herri kirolariak, Gipuzkoako lokotx batze txapelketa eta Euskal Herrikoa jokatu baitzituzten hiru egunen barruan.

Lehenengo Euskal Herriko txapelketa jokatuko zuten Mungian, abenduaren 6an. Bi kirolari nafar gailendu ziren, Unai Iantzi aniztarra gizonezkoetan eta Ainhoa Etxegarai beratarra emakumezkoetan. Unai Iantzik sei minutu eta 15 segundoan saskiratu zituen 50 lokotxak, eta hala, iaz lortutako txapelari eutsi zion. Aitor Blanco sailkatu zen bigarren postuan (6:50.12), Aritz Martin hirugarrengoan (6:51.91) eta laugarren postuan sailkatu zen Jon Larrañaga mendaroarra (6:52.35). Gutxigatik, baina ezin izan zuen berdindu iaz lortutako hirugarren postua.

 • Gipuzkoako hirugarren txapela, errenkadan
Batekoz bestera izan ohi da normalean, baina aurtengoan Euskal Herrikoa jokatu ostean jokatu dute Gipuzkoakoa. Orion izan zen, abenduaren 8an. Jon Larrañaga zen txapela buru gainean janzteko faborito argia, azken bi txapelak berak irabazi baititu, eta pronostikoak bete zituen jarraian lortzen duen hirugarren garaipenarekin. Finalean lehiatu ziren partaideek 50 lokotx bildu behar izan zituzten saskira, eta sei minutu eta 56 segundoan bukatu zituen lanak mendaroarrak, iaz Aian jokatu zuten finalean baino 8 segundo gehiago behar izan zituen. Mendarotik joandako zale ugariren babesa eduki zuen, argazkietan ikus daitekeen moduan.

2023 12 06 podium gipuzkoa lokotx biltze txap orio mendaroarregaz BARREN

2023 12 06 podium gipuzkoa lokotx biltze txap orio BARREN