Bi saiotan banatu dute tailerra, "adin talde ezberdinei arreta emateko diseinatuak". 16:00etan, 30 urtetik gorako helduei zuzendutako saio bat egingo dute, eta 18:30ean, 18 urtetik gorako gazteei zuzendutako beste saio bat. Aita Agirre Kulturguneko areto nagusian izango da.
Tailerra gidatuko duten prestatzaileak Albaindu entzute eta laguntza emozionaleko zerbitzutik eta Badabidebat Gipuzkoako gazteei zuzendutako laguntza emozionaleko zerbitzutik datoz. Udaletik jakitera eman dutenez, ekimenaren helburu nagusia da eztabaidarako eta suizidioaren arazoa ulertzeko gune seguru bat sortzea, eta baita prebentziorako tresnak eta baliabideak ematea ere. Elgoibarko Udalaren ustez, funtsezkoa da gai honen inguruan "elkarrizketa irekia" sustatzea eta behar dutenei laguntza ematea. Izan ere, adituen esanetan, pentsamendu suizida duenarekin suizidioaz berba egiteak horretara bultzatu baino, bere ezinegona lasaitzen lagun dezake. Horrek ez esan nahi suizidiorako pentsamendua desagerraraziko denik, baina pertsona horri berba egiten lagatzeak eta entzuteak emozionalki baretu dezake.
Hona Andonegi Goikoetxea Bidegin elkarteko zuzendariak suizidioaren inguruan joan den azaroan BARRENi emandako elkarrizketa.