Psikoterapeuta eta zainketa aringarrietan espezialdutako erizaina da Izaskun Andonegi Goikoetxea eta hogei urtetik gora daramatza dolu prozesuetan laguntzen. Asmo horrekin sortu zuen Bidegin ere, gaixotasun larri aurreratuak dituztenei edota dolu osasuntsua egiteko laguntza behar dutenei laguntzeko zerbitzua eskaintzen duen elkartea. Gaur egun, Bidegin elkarteko presidentea da, doluari buruzko prestakuntza-saioak eta hitzaldiak ematen ditu, eta astelehenean Elgoibarren izango da, suizidioaz hizketan, Almaur elkarteak gonbidatuta. Kultur Etxean emango du hitzaldia (18:30) eta interesa dutenei izena emateko eskatu diete Almaurretik. Izena emateko: 627 117 819.
'Suizidioaz hitz egiteak biziak salba ditzake'. Nola heldu, baina, gaiari? Horra betiko zalantza.
Bai, suizidioaz taburik gabe hitz egitea oso da lagungarri, eta ezer baino lehen, hori azpimarratzea dagokigu. Jakina zaila dela, eta ez bakarrik norbaitek bere buruaz beste egin duenean edo saiatu denean, baita burutazio arinena izan duenean ere. Datuek esaten dute pertsonon erdiak inguruk izango dugula bizitzako uneren batean halako burutazioren bat, sufrimendua aldiro agertuko zaigulako eta buruak gehiago ezin duela pentsatzen duenean ohikoa delako bizitza amaitu nahi izatea. Ausardiaz jokatu behar dugu eta garbi hitz egin suizidioaz, prebentziorako ezinbestekoa delako hori. Arlo honetan lanean ari garenok ikusten dugu gero eta gazteagoak ari direla beren burua autolesionatzen, eta adituak esaten ari zaizkigu Lehen Hezkuntzako azkeneko ziklotik bertatik hasi beharko genukeela gaia lantzen.
Suizidioaren inguruan badira uste batzuk oso zabalduak daudenak. Zer dute egitik?
Bai, badaude mito edo uste oker batzuk oso zabalduak daudenak, eta baztertu beharko genituzkeenak. Uste zabalduenetako bat izan daiteke suizidioaz publikoki hitz egiteak ezbaian dagoen pertsona bat bere buruaz beste egitera bultzatzen duela, baina hori ez da egia. Zentzugabea da hori pentsatzea. Baina badaude gero beste uste edo epai batzuk ere min handia egiten dutenak. Suizidatu dena ausarta edo koldarra izan den eztabaida, atentzioa deitzeko modu bat ote den... Eta kontuz, suizidatzeko tentatuta dagoena hein batean badagoelako arreta deitu nahian, jasanezina zaiolako sufrimendua, baina mito edo epai horiek ekartzen dutena da sufritzen ari den pertsona are gehiago isolatzea bere bakardadean.
Sufritzen du suizidatzeko tentatua dagoenak eta sufritzen dute ingurukoek. Eta kulpa sentsazioa ere bi aldeetan suma daiteke. Nola lagundu dakioke alde batean zein bestean dagoenari?
Sufrimendua, eta handia, bi aldeetan dago, bai. Oraintxe bertan egon naiz semeak suizidatzeko asmo sendoa duen ama batekin. Bizi ere ez da ama. Dena probatu du, ate guztiak jo ditu eta ez daki zer egin. Ama-semeez gain, baina, haien inguruko sistema osoa ari da sufritzen, mutil hori jende askorentzat delako garrantzitsua, berak uste ez arren une honetan. Bukle horretatik irteteko lan handiena norberak egin behar du. Beti esaten da badaudela suizidioaren arrisku faktoreak, hala nola, gertaera edo bizipen traumatiko bat izatea, bakardadea, estresa.., baina nork ez du halakorik bizi bizitzako uneren batean? Sufrimendua hor daukagu eta hori ezin dugu gure eskemetatik kendu, baina landu dezakegu sufrimenduaren aurrean dugun jarrera.
Zaintzailea zaindu beharraz aritzen gara askotan, norbera ondo egotea ezinbestekoa delako beste norbait zaintzeko. Nola lagundu diezaiokegu amari, inguruari?
Bizkarra sendo eta bihotza zabalik izan behar ditu ama horrek, tokatu zaionari ausardiaz heltzeko, eta sare bat bilatu behar du inguruan, laguntzeko. Egon behar duen lekuan egoteko ausardia hori izan dezan, pentsatu behar du ezinbestean bere ainguretan, euskarri izan dakizkiokeen gauzetan, suizidatzeko asmoa adierazi duen pertsonak egoeraren aurrean izutuko ez den laguna behar duelako ondoan. Eta hori, jakina, oso zaila da lortzen, are gehiago suizidatzeko asmoa agertu duen pertsona maite dugun norbait denean. Halakoetan oso zaila egiten zaigu gertukoari benetan suizidatzeko burutaziorik izan duen galdetzea, baina nire esperientziatik esango dizut oso garrantzitsua dela galdera egitea, horrek beste pertsonaren buruan erreakzio bat sor dezakeelako eta balio dezakeelako abiada bizian dabilen buru hori galgatzeko; lapikoa sutatik erretiratzea moduko zerbait da galdera egitea.
Galdera eginda sufrimendua aitortzen dugula esaten ari gatzaizkiolako beharbada?
Bai, sufrimendua objetibizatzea deitzen diogu horri. Esaten dioguna da ez garela harritzen bizitzen ari denarekin suizidatzeko asmoa erabiltzea buruan, baina hor gauzkala ondoan, zulo horretatik irteten laguntzeko. Baina galdera egitea, jakina, beldurgarria ere irudituko zaio askori, ziurrenik lehen esandakoagatik: oso barneratua dugulako hitz egiteak bere asmoan indartzeko balioko duela. Gogora datorkit ideia beltzak zituela aitortu zidan lagun bat. Senide bat galdu zuen errepide istripuan eta aitortu zidan pentsatzen ari zela hara joan eta bertan suizidatzea. Hasi ginen, hala, bere planaz hitz egiten eta halako batean esan zidan: 'Izaskun, zure ahotik entzuten dudanean nik buruan darabildan hori beldurgarria egiten zait, baina nire buruan ez da hain beldurgarria'. 'Zergatik?', galdetu nion eta hasi ginen gertatzen ari zena objetibatzen eta konturatu zen ematen ari zitzaion dimentsioaz. Pertsona horren inguruan sare bat sortu behar dugu laguntzeko, eta hori ere galdetu behar zaio, nor nahi duen sare horretan egotea.
Eskola batean gertatutakoa da honakoa. Ikasle batek bere buruaz beste egin nahi zuela aitortu zion irakasleari, baina inori ez kontatzeko eskatu zion. Irakasleak ezin zuen hori ametitu. Guk beti esaten dugu bizitza konfidentzialtasunaren gainetik dagoela. Ziurrenik horren berri emanda ikasleak galduko du irakaslearenganako konfiantza, baina, bizi badira, denborarekin, hori konponduko da. Irakasleak bildu behar zuen indarra galdetzeko eta konbentzitzeko sare bat sortu behar zutela laguntzeko, eta galdetzeko nor egotea nahi zuen hor, gerta zitekeelako, adibidez, irakasleak aitari esan eta justu aita izatea ume horren sufrimenduaren arrazoia. Garrantzitsuena da suizidatzeko erabakia atzeratzen saiatzea, denbora irabaztea, ikusi dezan zulo beltzenetik ere irten daitekeela. Sufrimendua ez da betiko, ezta arrazoia heriotza bat denean ere. Budismoko bi geziez oroitu behar dugu.
ELKARRIZKETA OSORIK: BARRENen 1.306. alean