Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak hamahiru argazki hautatu ditu: garailea, azalean jartzeko; eta hamabi hilabeteetarako beste argazki bana. Esan moduan, Pablo Perezen irudia izango da egutegiaren azaleko irudia eta 1.000 euroko saria jaso du. Perezekin batera, hauek dira aurtengo lehiaketaren irabazleak: Iñaki Oregi (urtarrila), Lazaro Gonzalez (otsaila), Ander Morea (martxoa), Jose Venegas (apirila), Iosune Negredo (maiatza), Lander Tolosa (ekaina), Carlos Mediavilla (uztaila), Mikel Cavero (abuztua), Arbil Iciar (iraila), Alberto Beloki (urria), Aitor Agirrezabal (azaroa) eta Gurutze Ariznabarreta (abendua). 250na euroko saria jaso dute.
Hortaz, Elgoibarko Udalaren 2024ko egutegian bakarrik ez -bere hiru argazki ditu- Aldundiarenean ere ikusi ahal izango da Gurutze Ariznabarreta Atxaren argazki bat. "Ondarbeltzeko arrantzale ausarta" dauka izena Ariznabarretak lehiaketara aurkeztu eta saritu duten argazkiak.
Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak Donostiako egoitzan abenduaren 18tik urtarrilaren 5era erakusketa bat izango du ikusgai, egutegiaren edizio honetarako jasotako hogei argazkirik onenekin –San Juan kalea 27–.
Gainera, Aldundiak 40.000 egutegi banatuko ditu lurralde historiko osoan. Opari itxurako edukiontzi erraldoi bat Gipuzkoa osoan barrena ibiliko da, "Gabonetako espiritua zabaltzeko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero berariaz antolatzen duen argazki lehiaketako argazkiekin osatutako egutegia banatzeko", Irune Berasaluze Gobernantza diputatuak azaldu duenez. Abenduaren 13an hasi ziren egutegia banatzen, Donostian, eta, ondoren, abenduaren 23ra arte edukiontzia udalerri hauetan barrena ibiliko da: Errenteria, Irun, Andoain, Tolosa, Beasain, Urretxu, Eibar (abenduak 20an), Bergara, Azpeitia eta Zarautz.