Elgoibarko Xake Irekiak izen berria estreinatu du, Tomas Conderen Omenezko Xake Txapelketa izango baita aurrerantzean. Joan en martxoaren 4an zendu zen Tomas Conde eta txapelketari bere izena emanda urte luzez xakearen alde eginiko lanagatik aitortza egin nahi izan diote Zubi Ondoko taldekideek. Eta, nola ez, txapelketa egunean ere eduki zuten gogoan Conde. Haren alargunari eta semeei lora-sorta bat eta oroigarriak eman zizkieten xake taldeko eta udaleko arduradunek, emozioz beteriko ekitaldian.
Lehiari dagokionez, hiru xakelariz osatutako 30 taldek eman dute izena aurten, eta Olaizagako kantxan aritu ziren lehian hiru bat orduz. Santurtzi Itsas Zaldunak taldeak irabazi zuen txapelketa, jokoan zeuden 27 puntuetattik 21,5 eskuratuta. Xabier Barbazan, Asier Gozalez eta Joseba Llanok osatu zuten talde irabazlea. Arrasateko Arlutz taldea (Andoni Miguel, Fran Miguel eta Txema Hernando) sailakatu zen bigarren postuan, 20,5 punturekin. Hirugarren postua KBI Zumaiako taldeak lortu zuen eta Kantabriatik etorritako Salcedo taldekoentzat izan zen laugarren postua.
Elgoibarko hiru talde lehiatu ziren eta Berkoa Machine Tools taldeak lortu zuen sailkapen onena, 13. postuan sailkatuz, 14,5 puntu irabazita. Createch Medical taldea 23. postuan sailkatu zen 12 punturekin eta 29. postuan sailkatu zen xakelari gaztetxoenek osatu zuten Danobat Elgoibar xake taldea.
*Argazkiak: Zubi Ondo Xake Taldea.
∞Lotura duten albisteak: