Ia 30 urtean jokatu zuten Elgoibarren Nazioarteko Xake Txapelketa, abenduan, baina 2019an jokatu zuten azkenengoz goi mailako xakelariak batzen zituen torneoa. Txapelketa hark lagatako hutsunea betetzeko asmoz, bi xake txapelketa antolatzeari ekin zioten Zubi Ondo taldeak eta Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak, goi mailako xakelariak erakartzen zituen hura baino txapelketa "herrikoiagoak eta parte-hartzaileagoak, eta berdintasuna sustatzen dutenak". Hala, Elgoibarko Xake Irekia eta Emakumeen Xake Txapelketa antolatzeari ekin zioten.
• Tomas Conde gogoan
Elgoibarko Xake Irekiak izen berria izango du aurten, Tomas Conderen Omenezko Xake xapelketa izango baita aurrerantzean. Joan en martxoaren 4an zendu zen Tomas Conde eta urte luzez xakearen alde eginiko lanagatik aitortza egin nahi izan diote Zubi Ondoko taldekideek. Abenduaren 23an jokatuko dute txapelketa Olaizaga kiroldegian (16:30). Taldekako txapelketa izango da eta hiru xakelarik osatuko dute talde bakoitza. 30 bat taldek parte hartzea aurreikusten dute antolatzaileek, dagoeneko 18 bat taldek emana baitute izena. Hainbat lekutatik etorriko dira taldeok: Ortuella, Basauri, Santurtzi, Arrasate, Bergara, Azpeitia, Azkoitia...
• Emakumeen xake txapelketa, hirugarrengoz
Aurrez, baina, Emakumeen III. Xake Txapelketa jokatuko dute, abenduaren 16an. Aita Agirre Kulturguneko areto nagusian izango da (16:15). Doakoa da izen ematea: elgoibarchess@gmail.com / 747459343). Iaz, hamaika emakume aritu ziren lehian, eta pronostikoak betez, txapelketa irabazteko faborito nagusia gailendu zen, Miriam Parkhurst mexikarra.