Debabarreneko 36 lagun ari dira aisialdiko begirale ikastaroa egiten

Asier Orbea Ostolaza 2025eko abenduaren 17a

Arrakasta eduki du Debabarreneko udalek antolaturiko begirale ikastaroan parte hartzeko deialdiak, eta bi talde osatu dituzte.

Iaz, eskualdeko 29 ikaslek eskuratu zuten Eusko Jaurlaritzak homologatutako Haur eta Gazteen Aisialdirako Begirale titulu ofiziala, ikastaroan parte hartuta. Ikasturte honetan, berriz, 36 gazte animatu dira ikastaroa egitera: hamaika eibartar, hiru mutrikuar, bost mendaroar, hiru debar, zazpi soraluzear eta beste zazpi elgoibartar. Eibarko eta Soraluzeko taldeen saioak Eibarren egiten dihardute, eta gainerako taldeek, Elgoibarren eta Mendaron izaten dituzte saioak. Zugaztietako aterpetxean ere egingo dituzte egonaldiak.

Gaztetxoak Eskolako teknikariak ari dira ikastaroa gidatzen. Ekainean amaituko dituzte atal teorikoaren saioak (150 ordu guztira). Ikastaroa bukatzen dutenek begirale titulu ofiziala eskuratuko dute.
Ikastaroaren prezioa 300 eurokoa den arren, udalen laguntzei esker, matrikularen erdia ordaindu dute partaideek. Debabarreneko Udalek (Elgoibar, Mendaro, Soraluze, Eibar, Deba eta Mutriku) antolatu dute ikastaroa.