'Txillarreko sukaldaria' dokumentala saritu dute Errenteriako zinema dokumentalaren jaialdian

Barrena 2025eko abenduaren 15a

Luzemetraia onenaren Ikusleen Saria eskuratu du Txillarreko sukaldaria dokumentalak Errenteriako Giza Eskubideen Zinema Dokumentalaren Jaialdian. Atzo banatu zituzten sariak, Errenteriako Niessen zineman.

Giza eskubideekin konprometitutako begiradetatik gizarte-errealitate desberdinak lantzen dituzten dokumentalak bildu ditu sei egunez Errenteriako Giza Eskubideen Zinema Dokumentalaren Jaialdiak.  Laugarren edizioa izan da aurtengoa, eta  proiektatu dituzten lan guztietatik onenak saritu zituzten atzo, tartean, Asier Ibaibarriagak eta Edurne San Martinek sortutako Txillarreko sukaldaria dokumentala. Ozzinemak antolatu zuen ekitaldia, Errenteriako Udaleko Kultur Aniztasuna, Garapenerako Lankidetza eta Giza Eskubideak Sailaren babes eta finantzaketarekin. 

1999az geroztik Pello Rubiok elkarrizketa politikoaren alde egindako lana eta haren rola erretratatzen ditu Edurne San Martin eibartarrak eta Asier Ibaibarriaga ermuarrak sortutako Txillarreko sukaldaria dokumentalak, eta ikusleen sarietako bat da eskuratu duena, Luzemetraia onenarena. Publikoaren beste saria, film labur onenarena,  Orain zer? filmarentzat izan zen. Emakumeen gorputzaren arautzeari eta horrek emakumetasunaren eraikuntzan duen eraginari buruzko hausnarketa da Orain zer? ,  eta Ainhoa Urgoitiak zuzendu du. 

Epaimahaiaren sariak

Asier Urbieta zinemagileak, Oneyda Saenz kazetari eta ekintzaileak, Maitena Salinas komunikatzaile eta aktoreak eta Paty Ortiz lankidetza eta giza eskubideetan adituak osatu dute epaimahai ofiziala, eta sari nagusia Fortes, ensemble! filmari eman zioten. Fred Prat du zuzendaria, eta indar kolektiboa, sororitatea eta komunitate-erresilientzia lantzen ditu. Epamaimahaiaren Aipamen Berezia, berriz, Amaia Nerekan eta Itziar Zoritak sortutako Cara de bicicleta lanarentzako izan zen.  Saiakera bat da Cara de bicicleta, genero-estereotipoak zalantzan jarri eta emakumeen askatasuna aldarrikatzen duena hiri- eta kirol- espazioetan. Aurtengo edizioa lehiaketatik kanpoko In Retrospect filmaren emanaldiarekin osatu zuten.