Lau sari izan ziren guztira banatu zituztenak, eta Tokikom osatzen duten euskarazko toki hedabideetako ordezkariek eta erakunde publikoetako ordezkariek parte hartu zuten ekitaldian, tartean Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Aitor Aldasorok; Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendari Garbiñe Mendizabalek; Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuko buru Nestor Atxikallendek; eta Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiaren zuzendari Joseba Koldo Perez de Herediak.
Sariak banatu ez ezik adimen artifiziala kazetaritzan eragiten ari den aldaketez hausnartzeko aukera ere izan zuten ekitaldira batu zirenek, Urbano Garcia Alonso adituaren eskutik. RTVEko alor digitaleko burua izan da azkeneko urteotan Garcia Alonso, eta berak izan du erredakzioan adimen artifizialeko tresnak txertatzeko ardura ere. Iban Arantzabal Tokikomeko presidenteak egin zizkion atariko aurkezpenak, eta Garcia Alonsoren berbak ekarrita bere eginda esan zuen kazetariaren balioa kontrastean eta konfiantza eta sinesgarritasuna ematean egongo dela aurrerantzean, baina adimen aritifiziala bere egin beharko dutela kazetariek, hori guztia lantzeko .
- AZAL ONENAREN SARIA. Goiena komunikabidearen Puntua astekariak jaso zuen azalik onenari zegokion saria, Keinu hizkuntza izenburudun azalarengatik. "Oso modu bisual eta indartsuan erakusten du gorren komunitateak eskatzen duen ofizialtasuna. Horretarako, normalean euskararentzako aldarrikatzen den ofizialtasuna beste hizkuntza baterako planteatzen du", azpimarratu zuten. Azaleko ideiari eta irudiari "oso iradokitzaileak" iritzi zioten.
- EDUKIRIK ONENAREN SARIA. Aiaraldeak jaso zuen saria, Jesus Garcia Ferreiro: mina jasanezin bihurtzen denean erreportajearengatik. Suizidioari buruzko erreportajea da, eta 90eko hamarkada amaierako kasu erreal batetik tiraka, gertakaria bizi izan zuten inguruko pertsonen, tokiko elkarteen, ikastxetxeen eta adituen adierazpenak biltzen ditu.
- IKUS-ENTZUNEZKO ONENA. Antxeta Irratiak jaso zuen ikus-entzunezko onenaren saria, Lodifobiaren aurkako ahotsak elkarrizketa sortagatik. Jende askorentzat eguneroko arazoa den eta gehienontzat ezustean pasatzen den bazterketa mota bat argitara emateko ahalegina egiteagatik saritu zuen Antxeta Irratia epaimahaiak. Elkarrizketatzaileak egindako "lan bikaina" ere azpimarratu zuten, "berez oso gordinak diren bizipenak dramatismoan jausi gabe eta patxadaz adierazteagatik, enpatiatik eta gertutakosunetik".
- 1. AIPAMEN BEREZIA. Goiena komunikabidearen Podcast gelak jaso zuen aipamen berezia. Komunitatearen eskura jarri du Goienak gela berria, eta parte-hartzea sustatzeko eta herri mailako sareak ehuntzeko ahalegina ikusi ditu ekimenean epaimahaiak. "Gai eta forma aldetik ere aniztasunaren aldeko apustu ausarta egin du: audio-eta bideo-podcastak egin dituzte, zinemaz, historiaz, kulturartekotasunaz, politikaz, mugimendu sozialez, musikaz, literaturaz...", zehaztu dute.
- Sari banaketako kronika, argazkiak eta bideoa HEMEN
