Ondare publikoan egindako kalteak salatu dituzte Elgoibarko eta Mendaroko udalek

Barren 2025ko urr. 30a, 13:42

Ospitalerako igogailuetako pasareletan zuloak egin dituztela salatu du Mendaroko Udalak eta udaltzainen autoen gurpilak zulatu dituztela Elgoibarko Udalak. 

Udaltzainen hainbat autotako gurpilak zulatu izana gogor gaitzetsi dute Elgoibarko Udalean ordezkaritza duten EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdiek adierazpen instituzional batean. "Gertaera horiek zerbitzu publikoaren eta herritarren bizikidetzaren aurkako eraso zuzena dira, bai eta profesionalekiko errespetu falta ere, egunero udalerriko bizilagun guztien segurtasuna eta ongizatea zaintzen baitute", jaso dute oharrean. Gertatutakoaren harira nabarmendu dute ezerk ez duela justifikatzen guztion ondare diren ondasun publikoei kalte egitea, eta gertatutakoa ikertu eta erantzulea(k) topatzen saiatuko direla esan dute, dagokion edo dagozkien erantzunkizunak egozteko. Ohar berean, udaltzainei babesa ere agertu die Udalak, eta dei egin die herritarrei gizalegez eta errespetuz jokatzera.

Mendaron, bestalde, zulatuta agertu dira berriro ospitalerako igogailuetako pasarelak. Ustez, patineteen erabilera okerrak eragin ditu kalteok, eta gogor gaitzetsi dituzte Udaletik. "Mendaroko Udalak gaitzespenik irmoena agertu nahi du guztion baliabideak horrela hondatzen dituztenen aurrean. Ezin da horrelako jarrerarik inola ere onartu. Ez dauka inongo zentzurik herritar guztion diruarekin ordaintzen diren eta guztion onurarako diren azpiegiturak horrela tratatzeak".

.